GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz Bizi Egunak euskaraz bizitzeko hautua indartu nahi du

p020_f02_091x084.jpg

Oihane LARRETXEA |

Donostiako Trinitate plaza izango da datorren larunbatean hiriburuan ospatuko den Euskaraz Bizi Egunaren bihotza. Euskara eta euskaldunak menpeko bihurtzen gaituzten asimilazio estrategien aurrean, gure hizkuntzan biziko den herrirantz bidea eraikitzea da helburu nagusietako bat, atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan Euskal Herrian Euskarazek adierazi zuenez. Horretarako, goizetik gauera arte ekitaldiz betetako programa antolatu dute.

Egunero, euskarak bizi duen errealitatea zein den islatzeko matematikara jo zuen EHEk, «7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun», formula egunerokotasunaren isla dela salatuz. Ekuazio hori behin betiko apurtu beharra dagoela iritzita, gutako bakoitzak formula horretan dugun eraginaren inguruan hausnarketa egin zuen Igone Lamarain EHEko kideak, bere iritziz, bakoitzaren hautua euskararen aldekoa izatea ezinbestekoa baita emaitzari buelta emateko. «Ohartu gaitezen zertan gabiltzan», erantsi zuen.

Ekitaldi hau antolatu ahal izateko, gainera, EHEk babes zabala jaso du auzoetako gazte asanblada, elkarte euskaltzale nahiz Udalaren eskutik. «Honek agerian uzten du Donostian badagoela euskaraz bizitzeko borondatea, baita gauzak aldatzearen aldeko gogoa ere», iritzi zion.

Hilaren 17an beraz, 11.00etan, Trinitate plazako txupinarekin Porrotxek emango dio jaiari hasiera, Bonberenea txarangarekin batera. Ekitaldi gehienak aipatutako enparantzan izan arren, Alde Zaharretik musika eta kale animazioa izango dira, eta bazkaria Konstituzio plazan izango da, 14.30etik aurrera.

Bulebardetik, bestalde, 18.30ean, «Euskaldun naiz eta harro nago» lelopean manifestazio koloretsua abiatuko da. Hain zuzen, lelo berberarekin atxikimenduak biltzeko kanpaina jarri zuten abian webgunean, eta dagoeneko, bi mila pertsonek eta gehiagok eman diote euren babesa.

Euskaraz Bizi Egunaren hirugarren edizioa izan arren, ekintza berria izango da 12.00etan San Telmo plazan egingo den bakarrizketa saioa. Beñat Gaztelumendi bertsolariak abiatutako ekintza honetan Aitor eta Barri gazteek hartuko dute parte. Bilbotarra lehena, eta irlandarra bigarrena, euskara ez da beren ama hizkuntza, baina biek ala biek ikasi egin dute. «Bakoitzak bere bidea egin du euskarara iristeko. Kanpoko eragileez eta hauen presioez mintzatzen gara euskararen egoeraz kexatzeko, baina nik norbanakoak duen jarreran jarriko nuke indarra, izan ere askotan jarrera sumisoak baititugu», iritzi zuen Gaztelumendik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo