GARA > Idatzia > Mundua

Txileko Gobernuak asteartera arteko epea du Aysen-en eskariei erantzuteko

Aysen Patagoniako eskualdeko giza mugimenduen eta Txileko Gobernuaren arteko negoziazioek ez dute oraindik fruiturik eman. Agintariek jakinarazi zuten datorren asteartean eratuko dutela erregaien salneurriari buruzko mahaia, zein formula erabili erabakitzeko.

p034_f01_199x116.jpg

GARA |

Sebastian Piñera kontserbadorearen Gobernuak Aysengo giza mugimenduen ordezkariei joan den ostiral iluntzean esandakoa betez gero, bazterketa salatzen duen Patagoniako eskualde horretako gatazka konponbidean egon daiteke, baina ekintzaileak ez dira fidatzen.

Ez da harritzekoa, bi aldeen arteko bilerak nolakoak izan diren kontuan hartuta: ostegunekoa oso gogorra izan zela jakinarazi dute bertan esku hartu zutenek; eta ostiralean, eguerdia izateko minutu batzuk falta zirela, Rodrigo Alvarez Energia ministroak, Coyhaique hiritik Puerto Aysenera helikopteroz iritsi zenean, zain zeuzkan kazetariak saihestu egin zituen. Ez zuen adierazpenik egin nahi Energia ministroak.

Carlos Chavez aysendarren aholkulariak eman zion hasiera ostiraleko bilerari, beren aldarrikapena laburbilduz: erregaien salneurriaren %20ko jaitsiera.

Ondoren, ministroak berak erantzun zuen, Power Point aurkezpen baten bitartez. Gobernuak Aysengoen erregaiari ematen dien diru laguntza igotzeko borondatea azaldu zuen, baina kalkuluak eginez gero, berak eskainitakoak ez du betetzen giza mugimenduek eskatutakoa.

Hala ere, beste proposamen bat zekarren ministroak bilerara, erregaien merkatzea eragingo lukeena: zona franko edo aduana-zergarik gabeko eremu bat eratzea. Hori bai, ministroak erantsi zuen gai hori mahai tekniko batek aztertu beharrekoa dela. Une horretan tentsioak gora egin zuen Kultur Etxean egiten ari ziren bileran, aysendarrek gatazka konpondu gabe uzteko maniobra ikusten zuten-eta. Arratsaldeko ordu bietan Alvarezek ordu erdiko etenaldia eskatu zuen, Santiagoko agintariekin hitz egin ahal izateko.

Ordu erdikoa izan behar zuena lau orduko bihurtu zen, beste aldeko negoziatzaileak urduri jartzeko: arrantzaleek berehalako konponbidea eskatzen zuten, bestela errepideak berriz itxiko dituztela esanez.

Azkenean itzuli zen ministroa eta asteartean zona frankoaren inguruko mahaia eratuko dela jakinarazi zuen. «Asteartean bukatzen zaio denbora Gobernuari», diote orain Aysengoek.

bi urte

Sebastian Piñera presidente kontserbadorea kargura iritsi zenetik bi urte betetzen dira gaur. Datu ekonomikoek herrialdea ondo dagoela esaten badute ere, Piñerak herritar asko dauka bere aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo