Txirri, Mirri eta Txiribitonek 40 urteotako kontuak oroituko dituzte lagunekin
«40 urteko algara», bihartik martxoaren 30era Donostiako Alde Zaharreko Haur Liburutegian (Fermin Calbeton kalean) zabalik izanen den Txirri, Mirri eta Txiribitonen erakusketan, pailazo beterano hauen oroitzapen, jantzi, tresna, objektu kuttun... eta, batez ere, lagunak elkartuko dira. Martxoaren 23an, gainera, pailazoekin batera erakusketa bisitatzeko aukera izanen dute nahi duten guztiek.
«Egun horretan, 18.00etan, ager dadila nahi duena liburutegiko sarreran, eta bertan izango gara. Erakusketa ikusiko dugu elkarrekin, jarritako guztia zergatik jarri dugun kontatuko dizuegu», animatu nahi izan dute jendea.
Elkarrekin kantatuko dute, eta «oroitzapenez eta esker onez betetako momentu hunkigarri» horiek bizi eta gozatu.
Orain dela 40 urte...
1972ko martxoan ekin zion hirukote honek Euskal Herriko haurren irria marrazteari. «Ia ez gara gogoratzen. Hain denbora luzea pasa da-eta. Bi ondorio ateratzen ditugu: aurrenik oso gazte hasi ginela pailazo, guztiz burugabe ginenean. Eta bigarren, jada nahikoa zahar garela. Baina kaskatuta ez eta gutxi gorabehera lehen bezain burugabeak», adierazi dute beti bezain umoreko.
Horregatik, «pixporreo gogo handia eta poltsikoa beteta» dutenez, ekitaldi ugari prestatu dute «barrearen festa» ospatzeko. Ekimen horietako bat da «40 urteko algara» erakusketa berezi hau, familia osoari eskainia. «Denoi, haur, zahar eta gazte, aiton-amona eta guraso, tximuak eta oilarrak, denak gonbidatuta!». Urteotan guztiotan ondoan izan dituzten lagunekin historiari errepasoa egin nahi diote, eurekin bizi izan dutenekin eta bizi nahi dutenekin.