GARA > Idatzia > Kultura

Akordeoi doinu alaiak ekarriko ditu La Troba Kung-Fu katalanak egindako Herri Urratsen kantuak

Aurtengo Herri Urratseko abestia egitea eskaini zietenean runba katalanean erreferentzia diren La Troba Kung-Fu taldekoek ez zuten zalantza izpirik erakutsi. Emaitza: «Elkartuz zabaldu», kantagarri eta alaia.

p057_f02.jpg

GARA | BAIONA

«Elkartuz zabaldu» izanen da aurtengo Herri Urratseko kantua, eta lelo horrekin bat eginez, lehendabiziko aldiz ez du euskal talde edo kantari batek sortu, baizik eta La Troba Kung Fu talde katalanak. Rumba katalanaren erreferentzia nagusietariko bat da bere herrian, eta Euskal Herriko bideak ere ederki ezagutzen dituzte La Trobakoek, behin baino gehiagotan ibili baitira gurean kontzertuak eskaintzen. Aurtengo Herri Urratseko kantua egitea eskaini zietenean ez zuten zalantza izpirik izan, eta lagun duten Damba taldearekin batera berehala ekin zioten lanari Seaskako bestaren ahotsa izateko asmoz. Emaitza: «Elkartuz zabaldu», akordeoi doinu alai eta kantagarriak dakartzan abestia, ekialdeko tzigane estiloan oinarritua.

«Kataleuska» estiloa

Euskararen besta den Herri Urrats islatzen du eta guztiz berria den «kataleuska» estiloan egina dela erranen genuke izendatu beharko balitz. Martxoaren erdialdean kantua aurkezteko bira egingo dute gurean. Hasteko, heldu den ostegunean, hilaren 15ean, Gasteizen izanen dira, Jimmy Jazz aretoan 20.30ean. Biharamunean Tolosarako bidea hartuko dute eta Bonberenea gaztetxean joko dute 22.30ean hasita.

Larunbatean, Ondarroako Kafe Antzokian zabalduko dituzte beren doinu dantzagarriak, ordu berean. Horiek izanen dira datozen asteetan La Troba Kung-Fu eta Herri Urratseko kantu berria entzuteko aukerak, eta nola ez, Herri Urratsen bertan, maiatzaren 13an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo