GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek hartu du mailari eusteko behar zuen bidea

Zuri-gorriek ez zuten aurreko asteko ikuskizuna eman, baina irabazteko behar zutena egin zuten.

p049_f01_148x108.jpg

BIARRITZ 26

BRIVE 11

Biarritzek mailari eusteko urrats garrantzitsua eman zuen atzo aurkari zuzen bat mendean hartu ostean. Puntu gehigarria ere behar zuen talde zuri-gorriak, baina hori ez zuen lortu.
Dimitri Yachvili izan zen atzoko protagonista nagusia. Lapurtarren jaurtitzaileak lan ona egiten duenean, taldeak ere horrelaxe egiten du, eta atzo horixe gertatu zen. Norgehiagoka bera ez zen ikusgarria izan. Kanpotarrek ere asko jokatzen zuten, eta goian presioa eginez atera ziren, baloiaren jabetza izateko, baina ez zuten lortu, Biarritz gehiago baitzen.

Orduan, jokoa nahasten saiatu zen, eta hor erori zen Biarritz ez baitzuen pasa den asteko freskura hori erakutsi, baina garaipena ez zuen inoiz arriskuan izan, nahiz eta lasaitasunik ere ez zuen lortu azkeneko minutuak bitarte. Bide honetatik jarraituta, mailari eusteko txartela gero eta gertuago dauka Agilerako taldeak.

Aviron ezinean

Avironek neurketa zaila zeukan Montpellierren, eta amaieran esku hutsik itzuli behar izan zuen etxera, 37-26 galdu ostean. Gutxienez puntu bat lortzea ere oso komenigarria zen, baina hori ere ez zuten lortu, eta egoera erabat bihurrituta dauka Baionako taldeak.
Norgehiagoka hasieratik okertu zen, hirugarren minutuan jaso baitzuten lehen entsegua.

Hortik aurrera euskaldunek ez zuten gaizki jokatu, eta beti partidan sartuta egon ziren, baina gakoa ostikoetan egon zen, etxekoek ez baitzuten batere hutsik egin. Azkeneko minutuetan aukerak izan zituzten zuri-urdinek, entsegu marratik oso gertu ibili ziren, baina ez zen behar zuten entsegu hori etorri, eta buru makur utzi behar izan zuten berdegunea.
Boyetek egin zuen euskaldunen lehen entsegua 60. minutuan, eta zortzi beranduago lortu zuen Huguetek bigarrena. Garciak bi entseguak gauzatu zituen, eta beste hiru zigor-kolpe ere lortu zituen. Boyetek, berriz, lehen zigor-kolpea gauzatzeko modua egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo