GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Interneteko erosketak

Interneten erostea gero eta errazagoa da, dendetara joan eta erostea baino gehiago. Arroparen kasuan, esate baterako, ez da ilararik itxaron behar izaten, apenas sartzen zaren aldalekuetan erantzi eta janzten aritu beharrik ere ez. Interneten sartu, ikusi, aukeratu eta, tapa, botoiari sakatzea nahikoa da ezer erosteko. Gero eta jende gehiagok erosten omen du modu honetan. Arazoa prestu-prestu pantailan ikusten duzun hori etxera iritsitakoan izaten da batzuetan. Bai, oihal lodi-lodia zirudiena, mehea eta kaxkarra da; urdina zena, etxera iritsitakoan, berdea; eta probatu, eta Interneten jantzia zuenari beste «grazia» batekin geratzen zitzaiola konturatzen zara; hari leku guztietan berdin estu edo berdin zabal geratzen zitzaion eta ez batean zabal eta bestean estu.

Janaria ere erosten omen du jendeak Interneten, baina nik ez dut hori sekula egin. Etxean egin behar izaten diren lanen artean gehien gustatzen zaidanetakoa da, gainera, erosketena. Ondo janda eta zerrendatxo bat eginda joatea dela diote behar baino gehiago ez erosteko sekretua. Nik ilunabarrean joan behar izaten dut gose puntua eginda eta zerrendan eramatekotan ahaztu ezin ditzakedan pare bat kontu baino ez ditut idatzita eramaten. Gainerakoan, inprobisatzen joaten naiz eta topatzen dudanaren arabera, afariko menua osatzen; behar ditudanak gehienak, tartean gutizia batzuk ere ematen dizkiot nire buruari, ze demontre! Interneteko orrian, serio-serio, sekulako bazkaria egin ostean jarrita, ez nituzke akaso haiek erosiko, baina... armairua zabaldu eta erositakoez gogoratzean sentitzen dudan pozik ere ez nuke sentituko gero.

Internet mugarik gabe erosteko erakusleiho bilakatu dute, nahi duzuna topatu eta ri-rau batean etxeko atarian jartzen dizute birritan pentsatzeko aukerarik eman gabe, badaezpada. Itzulketak egitea posible da, baina hain da katramilatua, «egunen batean jantziko dut» pentsatu eta jira eta buelta uzten duzula etxera iritsi eta asko konbentzitu ez zaituen jantzia. Kontra-kontrakoa esaten da, ordea, janariaren kasuan; Internet askorentzat behar ez duzuna saihesteko modua da. Batera edo bestera, saltzea da mezuen helburua, guztia gure eskuetan dagoela sinetsaraztea, horretarako armairuan gaileta poltsa bat baino akaso inoiz jantziko ez dugun kamiseta bat izatea egokiagoa dela pentsarazi behar badigute ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo