Mikel Ibarguren Idazlea
Jainkoaren izenean
Ni bestearen mina sentitzeko gai naiz. Saminaren aurrean ez ditut begiak ixten, baina barkazioaren amarruak ezin du izan konponbidea eragozten duen oztopoBenetan gogaikarria egiten da demagogo bihurtutako politikoen erretolika etengabe hori. Eguna joan eguna etorri, aho bete hitz ari dira bakearen paladinak, zeinek handiago botako, baina hitz prefabrikatuak dira denak. Hutsalak dira diskurtsoak; alta, malabarismo harrigarri baten bitartez, gai dira lehen terrorismoa zena orain fanatismo politiko eta subiranistaren aurkako gurutzada bihurtzeko; demokraziaren klubean sartzeko ibilbide etikoa bukaera arte egin beharra dagoela esateko edo lehen tolerantzia zena «marco de convivencia» bilakatzeko. Barkamenarena eta damuarenak dira, oraindik orain, asmatu dituzten mantra berriak. Parlamentuetako pulpituetatik ez ezik, elizatik ere, besoak zerurantz jasota ikusi ditugu gotzainak Jainkoari dei eginez. Bekatariak artaldera ekartzeko asmoz edo.
Betiko eskema manikeoa errepikatuz Ongiak hitz egiten du Gaizkiaren aurka mitradunek aurkeztu diguten homilian. Eta Ordena sozial honen zuzentasuna hautsi dutenekiko onbera agertzeaz gain, barkamenak lituzkeen dohain askatzaileak azpimarratzen ditu, besteak beste, aipatu idazkiak. Izan ere -dena esan behar da- handia da Jainkoaren irudira egindako demokrazia hau. Testamentu Zaharrean damua agertzeak berriro ere Jainkoarengana itzultzea esan nahi ei du. Jainkoaren absolutismoaren izenean eskatzen al da orduan barkamena? Eta zergatik? Arazoa ez da elizaren jokabide moralaren araberakoa (horixe behar genuen), gutxiago arazo teologikoa ere; arazoa ez da, nire irudiko, etikoa, etikoa ere baden arren. Arazoaren muina politikoa da guztiz eta irtenbideak, hartara, politikoa beharko du izan, nahiz eta gatazka politikoak dituen ondorio etiko guztiak aztertu beharko diren. Gainera, barkamena, izatekotan ere, zerbait pertsonala dateke, norberari barrutik ateratzen zaiona eta ez beste norbaiten exijentziak betearazteko erabiltzen dena.
Bestalde, barkamen eske dabilenak, diot, ez al luke lehenbizi bere barrura begiratu behar? Alegia, frankismoa gaitzetsi ez duen norbaitek ba al du zilegitasunik beste edonor epaitzeko? Berdin zait Jainkoaren ala demokraziaren izenean den. Prozesua politikoa da ala inkisitoriala?
Daukagun iragana dugu eta ondorioz daukagun oraina bizitzea egokitu zaigu, ez gustatuko litzaigukeena. Ni bestearen mina sentitzeko gai naiz. Saminaren aurrean ez ditut begiak ixten, baina barkazioaren amarruak ezin du izan konponbidea eragozten duen oztopo. Nik ez dut -oro har, bederen- inor ikusten barkamenaren zain, aitzitik iragana gehiago errepika ez dadin konponbide adostu eta justu baten aiduru ikusten dut jendea. Egiantzekotasunik gabeko egia osoaren jabe izan nahi du, nik uste, herritarrak; eta politikoak horretarako dira: arazoak konpontzeko; ez, apaizarenak eginez, etengabe santa eskean ibiltzeko.
Jainkoa gure zerebroaren asmakizuna baino ez dela irakurri diot neurozientifiko bati. Litekeena da, baina martxa honetan Jainkoaren laguntza ez ezik, espiritu santuarena ere beharko dugu ataka honetatik irteteko. Nik, badaezpada, Aste Santuko prozesioak baliatzeko hautua egina dut, Cospedal izeneko baten antzera, en fin, bizipen positiboak atera ditzadan. Amen.