Hegoa Ugalde, Axier San Miguel (*) LAB Sindikatuko 0-3ko Ziklorako liberatuak
Agur Wert, agur Espainia!
Aurreko astean Jose Ignacio Wertek, Espainiako Hezkuntza Ministroak, horrelako harribitxia utzi zigun: «0-3 zikloa ez da hezkuntza, kontziliazioa baizik».
Hitz iraingarri hauen aurrean Werti esan behar diogu ezjakintasun handia erakusten duela ziklo honen inguruan. 0-3 zikloak bere nortasun propioa dauka. Haurren hezkuntza beharrei erantzuna ematea du helburu, garapen fisikoa, afektiboa, sozial eta intelektuala bermatuz. Ziklo honen ezaugarrien artean haurren arteko ezberdintasun sozialak, kulturalak eta linguistikoak indargabetze aldera lanketa handia egitea daukagu.
Eta gainera, adituen esanetan, haurrak goiz eskolaratzeak emaitza onak dakarzkie helduak direnean. Beraz, ministro jaunak jakin beharko luke ziklo honetan heziketa integrala eskaintzen dugula.
Berak asistentzialtzat hartzen dituen eginbeharrak hezigarriak dira, eta horregatik, gure lanaren aitortza soziala aldarrikatzen dugu.
Azpimarratu nahi dugu Espainiatik ezarri nahi den hezkuntza eredua ez dela gurea eta ez gaituela ordezkatzen. Inposizio hauen aurrean inoiz baino garrantzitsuagoa da burujabetasuna lortzea eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde urratsak egitea. Honen barnean haur-eskolen eredua irauli eta berrantolaketa bat egitea proposatzen dugu, haurren, gurasoen eta langileen eskubideak batuko dituen eredu hezigarri baten aldeko apustua eginez. 0-3 zikloan eredu berri baten aldeko lana garatzen jarraituko dugu, unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatekoa izan dadin.
(*) Eider Casanovak, Toni Jausorok, Lorea Igartuak, Leire Garrok eta Nagore Iriartek ere sinatzen dute artikulua.