Aurtengo ardi-esne ekoizpena erosiko diote CLPBri
A.M. | BAIONA
Ipar Euskal Herrian Ossau-Irati sor-marka pean ekoitzitako ardi-esne guztia erosiko dute gaztagintzako industrialariek. Hori erabaki zuten sektoreko eragileek ostiralean Angelun egindako bilkuran. Joan den hileko eguraldi hotzaren eraginez, ekoizpena asko murriztu da eta ez da beharra asetzeko adina esne bildu. Hori dela eta, CLPB kooperatibako ekoizpena ere -duela hiru hilabetez geroztik jasotzen ez zena- erosiko dute, bederen aurtengo sasoia bukatu arte.
Alabaina, erabakiak ez du gatazkaren muina konponduko. Izan ere, hainbat eragilek, horien artean Euskal Herriko Laborantza Ganberak, sektorea kudeatzen duen egitura premiaz birmoldatu behar dela diote.
Paueko Laborantza Ganbera bera ere lehen-lehenik Departamendu osoan ekoizten den ardi-esne guztia biltzearen eta inportazioak soilik gabeziak asetzeko erabiltzearen alde agertu da.
Sor-marka berpiztu
Hain zuzen ere, larunbatean Kontseilu Nagusiko buru Georges Labazeeren ekimenez, hainbat hautetsi, ardi-hazle eta nekazarien sindikatuetako ordezkariak bildu ziren gaia aztertzeko. Labazeeren ustez, lekuko esnea babeste aldera Ossau-Irati sor-marka bermatu behar da.
Produktua sustatzeko kanpainak egitea, garapena eta ikerketa bultzatzea, sektorea dinamizatzea eta diru-laguntza publikoak soilik sor-markako esnea erabiltzen duten enpresei ematea proposatu du.