GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giltxaurdi kirol instalazioak kudeatzeko enpresa publikoa eratuko dute Baztanen

Giltxaurdi kirol-eremua kudeatzeko enpresa publikoa jarriko du martxan Baztango Udalak. Egun, enpresa pribatu batek du ardura hori. Helburua Udalak banatzen duen dirua egitura publikoen esku gelditzea da.

p017_f02_148x102.jpg

Martxelo DIAZ | ELIZONDO

Giltxaurdi kiroldegia kudeatzeko enpresa publikoa martxan jarriko du Baztango Udalak, gobernu taldeko kide Mikel Ortegak (Bildu) eta Iñigo Iturraldek (Baztango Ezkerra) atzo azaldu zutenez.

Orain arte, urtero 91.781 euroko (gehi BEZa) ordaindu behar izan dio Baztango Udalak Masquatro enpresari. «Enpresa pribatuen esperientzia garestia denez, herritarrei zerbitzu hoberena modu eraginkorrenean emateko aukera onena eta, oraingoz bakarra, enpresa publikoa sortzea da», nabarmendu zuten.

Nafarroako Gobernuak igerileku estaliak egiteko diru laguntzak eman zituenean horien kudeaketa udalek zuzenean egin ahal izatea espresuki debekatu zuen. Hori dela eta, kudeaketa Udalaren eskuetan gelditzeko, enpresa publikoa martxan jartzea erabaki dute Baztanen. 999 bazkide ditu Giltxaurdi kirolguneak eta horregatik defizitari egin behar dio aurre urtero. Gauzak horrela, kudeaketa pribatua edo publikoa izan, Udalak dirua jarri beharko du zerbitzu hori eskaintzeko. Dena den, egin dituzten kalkuluen arabera, merkeagoa izango da kudeaketa publikoa.

Horrela, Baztango Udalaren dirua enpresa pribatu baten mesedetan erabili beharrean kudeaketa publikoa egingo da. «Zerbitzuak pribatizatzen ari diren garai basati hauetan interes orokorra lehenesten duen kudeaketa eta jarduera publikoaren alde egitea derrigorrezkoa dela uste dugu, horrela, erabiltzaileei zerbitzu egokia emateko, langileen lan-baldintza duinak bermatzeko eta Udalaren diru-ekarpena eraginkorrena izateko. Azpiegitura horiek publikoak dira eta horrela diren neurrian kudeaketa publikoa behar dutela uste dugu», azaldu zuen Ortegak.

Altsasu eta Berriozar ere bai

«Ez gara deus berria asmatzen ari, dagoeneko Altsasun eta Berriozarren modu honetan ari dira», gaineratu zuen Baztango alkateordeak.

Bihar, arratsaldeko zazpietan, egingo dute udalbatzan enpresa publikoaren sorreraren gaineko bozketa. Horren ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta hilabete eta erdiko epea zabalduko dute hiritarrek beren ekarpenak egin ahal izan ditzaten. Azkenik, beste udalbatza batean egingo dute behin betiko onarpena.

91.781 euro

Urtero 91.781 euro (gehi BEZa) ordaindu behar izan dizkio Baztango Udalak orain arte Giltxaurdi igerilekua kudeatu duen enpresari. Kudeaketa publikoarekin diru hori Udalaren eskuetan geldituko da.

999 bazkide

999 bazkide ditu Giltxaurdik. Ordaintzen duten kuotatik bildutakoa ez da igerilekua finantzatzeko aski eta Udalak defizit horri aurre egiteko dirua jarri behar izaten du urtero, baztandarrek zerbitzu hori izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo