«Abiapuntuak», maiatzean izendatuko duten Donostia Kultur Hiriburua prest egon dadin
Maiatzean Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatuko dute ofizialki. Inflexio-puntu izango den hilabeterako prest egoteko, «Abiapuntuak», herritarren parte hartzea bultzatuko duen kanpaina, abiatu dute.
GARA | DONOSTIA
«Hirian DSS2016EUk duen presentzia berritzeko, hots, lonak birdiseinatzeko, herritarrek adierazi nahi dutena hartuko dugu oinarri. Horretarako, herritarrak gonbidatuko ditugu, izendapen ofiziala dela bide, dituzten sentimenduak azaltzera, bi bide eta dinamika ezberdinen bitartez». Horixe izango da 2016 Bulegoaren «Abiapuntuak» kanpainaren funtsa. Izan ere, maiatzaren 10 edo 11n Europako erakundeek Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatuko dute ofizialki eta, atzo azaldu zutenez, «horrelako gertakari garrantzitsuaren ospakizuna herritarrekin partekatu nahi du» Bulegoak.
Kanpaina bi dinamikak osatuko dute. Alde batetik, tailer bat egingo da San Telmo museoan, martxoaren 27tik 30era. Horietan, paperean marrazkiak egingo dituzte herritarrek, aurretik emandako galdera batzuei erantzunez. Hortik lortuko den marrazki-mosaikoa DSS2016EUk hirian dituen komunikazio-euskarrietan erabiliko da aurrerantzean.
Bulegoak guztira ehun lagun inguru aukeratuko ditu, «aniztasuna izango da parte-hartzaileak aukeratzeko irizpide nagusia. Zehatzago esanda, 2016 Bulegoa oinarrizko aniztasun soziala bermatuko duten taldeak osatzen saiatuko da, honako parametroen arabera: genero berdintasuna, adin-tarteen aniztasuna eta esparru profesionalen aniztasuna», azaldu zuten. Tailer honetarako izena www.abiapuntuak.eu atarian eman daiteke.
Bigarren bidea, berriz, sare sozialak izango dira. Www.facebook.com/dss2016 orrialdean, eta Twitter kontuan (@dss2016) herritarrek mezu edo iruzkin laburren bidez eman ahal izango dute euren iritzia edo ikuspuntua aurretik proposatutako zenbait galderaren inguruan. Galdera horiek izendapen ofizialak hiriari eta herritarrei ekar liezaiokeenari buruzkoak izango dira. Martxoaren 30ean, epea ixten denean, 2016 proiektuaren filosofia hobekien islatzen duten mezuak hautatuko dira.
Olatu talka
Bestalde, maiatzean biziko den inflexio-puntu horrek, Olatu Talka ekimena ere barne hartuko du. Jaialdiaren egitarauaren baitan errepikatu egingo da, antzeko dinamika bat erabiliz, San Telmo museoan martxoan egingo diren tailerretako bat. Kasu honetan, Olatu Talkan, tailerra kalean egingo da, eta bertaratzen den orok parte hartu ahal izango du.
Kultur jaialdiaren nobedadeei dagokienez, proposamenak jasotzeko epea amaitu da dagoeneko eta, une honetan, lantaldea aztertze lanetan eta programazio zirriborro bat egituratzen ari da. Atzo iragarri zutenez, jarduera zenbait Donostiako auzoetan egingo dira -ez soilik hirigunean- eta, lehendabizikoz, beste hainbat, Donostiatik kanpo ere bai. Gainera, Urumea ibaiak aurtengoan garrantzi berezia izango du.
«Abiapuntuak» kanpainaren bi prozesu paralelo horietatik irudi- eta mezu-sorta aterako da, eta horiekin jantziko dute hiria 2016ko Europako Kultur Hiriburu dela adieraziko duten euskarrietan.