Rimak Exkaxko, Erauntsi eta Bilixkorriko nagusi, Bardoen bigarren fasean
GARA | IRUÑEA
Nafarroako taldekako txapelketak bigarren faseari ekin zion asteburuan. Iruñean, Iturenen eta Etxarrin jokatutako saioetan 300 entzuletik gora bildu ziren, eta Lesakako Rimak Exkaxko, Oronoz-Malerrekako Erauntsi eta Etxarriko Bilixkorriko izan ziren irabazle beren saiotan.
Ostiralean, Iruñeko Iruñazarra ostatuan 100 bertsozale elkartu ziren etxeko Bertze Maldikoak eta Rimak Exkaxko taldeen arteko saioa entzutera eta, azkenean, Bardoak 2012ko beste taldeetako lau ordezkarien eta entzuleen botoek hala erabakita, jokoan zegoen puntua Lesakara joan zen.
Iturenen, berriz, 70 lagun hurbildu zen Herriko Etxeko ganberara. Erauntsi eta Leitzaundi izan ziren parez pare. Oso pareko saioa egin zuten, baina etxekoen aldekoa izan zen erabakia.
Asteburuko saiorik jendetsuena Etxarrin izan zen. Larunbatean Etxarriko gaztetxean 140 lagun inguru elkartu ziren Bilixkorriko eta Barañaingo Beteranoen arteko saioa entzutera. Giro bikaina lagun, bi taldeek saio polita eskaini zuten eta hemen ere saioa etxekoek eraman zuten.
Bardoak 2012ko bigarren faseko bueltako saioak datorren asteburuan jokatuko dira. Leitzan, Igantzin eta Barañainen.