Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Heriotza Albanian (I)
Dosja H: roman» (1990) izan zen Ismail Kadareri (Albania, 1936) irakurri nion lehen lana. Euskaraz argitaratu berria zen hura, «H. dossierra» (1998) izenburuarekin, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Nobelaren itzulpena Juan Mari Arzallus eta Antton Olanori zor diegu. Bere idazkerak liluraturik, bere beste zenbait lan irakurri nituen ondoren, «Nëpunësi i pallatit të ëndrrave» (1981, Ametsen jauregia) zein «Tri këngë zie për Kosovën» (1998, Hiru elegia Kosovoren alde) esaterako.
Bolada batez pista galdu nion idazle albaniarrari, baina harekin edo, hobeto esanda, haren lanarekin berriro topo egin nuen duela egun batzuk. Enkargu bat tarteko «Prilli i thyer» (1978, Apiril hautsia) iritsi zen nire eskuetara, eta haren konpainian igaro ditut azken hiru egunak.
Nonbaiten irakurria dut Kadareren obra ezagutu nahi izanez gero, irakurleak «Prilli i thyer» lanari heldu behar diola lehenik, bertan aurkituko duelako albaniarraren unibertso literarioa laburbilduta. Ez dakit epai egokia denik hori, bestelako lanak irakurri baitizkiot egileari eta «Prilli i thyer» bezain onak iruditu zaizkit.
Baina egia da azken horrek baduela zeozer, gaiagatik ziurrenik. Heriotza baita nobelaren bizkarrezurra edo, hobeto esanda, heriotza oinarrian duen bizitza filosofia. Kontraesan bat eman dezake horrek, bizitza filosofia gehienek bizitza bera izaten dutelako helburu. Nobelaren kasuan, baina, heriotzak ematen die Albaniako goi haranetan bizi direnen bizitzei zentzua. Izan ere, Kanun kodeak ezartzen du familia kide bat edo gonbidatu bat eraila izanez gero, familiak haren heriotza mendekatu behar duela.