GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Nik #independentzia; zuk, zergatik ez?

Adostutako agenda baten barruan ala aldebakarreko urratsen arabera, ikusi beharko, independentzia herriaren lorpena izanen da, ez estatuen oparia

Euskal herritarrok ez gaude bakarrik independentziarako bidean. Eskoziarrak, katalanak, flandiarrak eta beste asko abiatuta daude bidaia honetan. Helburua, askatasunerako oinarriak estatu baten bidez bermatzea. Izan ere, nor bere bidetik, ondorio berara iritsi gara: menpekotasunean ez dago herri gisa aske bizitzerik. Loratzen ari diren herrien belaunaldi berria da gurea. Erroak zahar eta sendoak izanik ere, nabarmena da herrion gaztetasuna zaharkitutako estatu zapaltzaileen aurrean.

Ez dakigu norantz joanen diren herri hauek, egoerak oso ezberdinak direlako. Independentismo instituzionala eta herri eragileena ez dira berdinak. Eredu sozioekonomikoekiko jarrera hagitz garrantzitsua da eta izanen da etorkizunean, krisialdi eta talka garai hauetan. Britainia Handiaren joera Eskoziarekiko ez da Espainiak eta Frantziak gurekin dutena, bistan denez. Gauzak honela, mugimendu independentista hauen aniztasuna aintzat hartuta, erronka, batera zer egin daitekeen aztertzea eta urrats zehatzak egitea da, elkarrekin indartsuago izanen garelako.

Eta ber gauza gertatzen da geure mugimendu independentistaren barnean. Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, indarrak batu behar ditugu, aniztasuna aintzat hartu, norberaren ideiak, jarduera eta apustuak errespetatuz, baina helburu politikoaren inguruko borondate gehiketa ahalbidetuz. Aurrean nagusitasunaren lehia dugu. Independentzia erdiesteko nagusitasuna behar dugu eta xede honek, orain eta hemen, gehiengoaren osaketa behar du. Ideien bataila irabazi, atxikimenak lortzeko gaitasuna areagotu, independentziaren kontrako jarrerak ahuldu eta neutralizatu eta urrats zehatzak eman menpekotasunak gainditu eta geure estatua eraikitzeko.

Jakin badakigu zein izanen den Espainia eta Frantziaren jarrera. Ezin gara haien menpe gelditu. Finean, independentzia menpekotasuna baztertzeko joera da. Nekez baztertuko genuke menpekotasuna estatu hauei begira jarrita. Independentzia ekarriko duen subjektua eraiki beharra dago, aurrera joko duen multzo soziala. Askatasunaren giltza ez da mesedez eskatzen, hartu egiten da. Eta multzo sozial horrek hartu beharko du. Adostutako agenda baten barruan ala aldebakarreko urratsen arabera, ikusi beharko, independentzia herriaren lorpena izanen da, ez estatuen oparia. Horretarako mugimendu independentista indartsua behar dugu. Eta mugimendua, hitzak berak argitzen duenez, mugituz egiten eta osatzen da.

Independentziarako bidean urratsak egiteko erronkaren aitzin gaude eta ez genuke parada galdu beharko. Independentziaren aldeko mugimendua indartzeko hitzordu handiak ditugu egutegian, nagusia, Aberri Eguna, jakina, baina ez bakarra.

Independentziari aurpegia jartzen ahal diogu, argazkia nik #independentzia ekimenean agertaraziz (www.nikindependentzia.net), #independentzia hitz-gakoa sare sozialetan erabiliz, eta, finean, datorren udaberria, idorteaz gain, inoiz baino berdeago izan dadin, Euskal Herria independentziaren berdeaz jantziz. Nik oso argi daukat: #independentzia! Zer diozu zuk?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo