GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julen Zulaika Askapeneko kidea

Martxoak 29an denok grebara, denok kalera!

Azken urteotan kapitalaren erasoaldi beldurgarria jasan beharrean aurkitzen da herri langilea: lan murrizketak, eskubide sozial eta politikoen debekuak eta errepresioa.

Krisi garaian gertatu ohi den bezala, agerian utziz Kapitalari bost axola zaiola estatu kolpeak eman, herritarrak pobretu edo hezkuntza edo osasuna bezalako eskubide unibertsalak gutxiengo batzuen eskuetan jartzea. Arazoa, baina, lehenagokoa da, kapitalismoa bera bezain zaharra, alegia. Eredu honek merkatuaren gutiziak baino ez ditu asetzen, besteak beste, herri, langile, emakume eta ama lurra bidegabeki ustiatuz. Beraz, ez gara une bateko oldarraldiaren aurka ari, sistema oso baten aurka baizik.

Erasoaldi honi aurre egiteko, baina, Europa zaharrean erresistentzia berriak sortu dira, Greziakoa adibiderik esanguratsuena den arren, beste hainbat herri langile ere kalean ari dira euren eskubideen alde. Antolatu eta borrokatu besterik ez dugulako geure etorkizuna eraiki nahi badugu, eta horretarako ezinbestekoa da herri bezala erantzutea, herri mugimenduak egituratzea eta kalea geure egitea. Bide honetan ez ginen atzo goizean hasi eta datozen asteetan ere ez da ezer amaituko, asko dugu egiteko eta gure eskuetan dago hortzak erakutsiz euskal iraultzaren lehen mugarriak jartzen hastea.

Hau guztia esanik, Askapenak bat egiten du Hego Euskal Herriko greba deialdiarekin eta herriari luzatzen dio deialdia, egun horretan erantzun zabal bezain zuzena eman diezaiegun bizi dugun zapalkuntzaren arduradunei; egunsentian hasita, pikete eta mobilizazioetan aktiboki parte hartuz. Internazionalistak baikara, gure eginbeharra independentzia eta sozialismoa gauzatzea da, bide horretan eman beharreko ezinbesteko pausoak babestuz, beti ere ekarpen hau izanik egin dezakegun hoberena gainerako herrien askapen prozesuak sendotu ahal izateko.

Martxoaren 29an denok kalera! Gora Euskal Herria internazionalista! Independentzia eta sozialismoa lortu arte, hamaika herri borroka bakarra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo