GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Etxeberria Iztueta, «Makauen» Preso politiko ohia

Euskal Herria biktima

800 urte hauetako historiaren ondorioa: Biktima? Euskal Herria! Batzuek zapalkuntzan eta besteek askatu nahian eragindakoak. Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea Euskal Herri osoarentzat lortzen ez den bitartean gatazka ez da bukatuko

Egun hauetan, bolo-bolo dabiltza esaldiak Herri honi askatasun aitortza ukatzen dioten alderdi politiko eta euren komunikabide mediatiko eta botereen mertzenario diren tertuliano ugariren ahotan... Biktimak darabiltzate luma eta mihi pozoituetan Euskal Herriaren askatasun eta bere demokraziaren alde borroka egin eta egiten dutenen aurka.

Baina has gaitezen Euskal Herriaz, «Nafarroa» Estatuaz solastatzen. Garai batean «Erreinua» izanagatik ere -Europa osoko estatu mailako ezagutza eta aitortzaduna- erasoa eta inbaditua izan zen gaur egunean oraindik ere inperio izan nahi duen Espainia honen eskutik (orduan Gaztela eta Aragoi). Jar ditzagun mahai gainean Euskal Herria desegin nahian orduz geroztik zenbat milaka hildako, zauritu, eta torturatu izan diren, Biktimak azken batean. Has gaitezen Gasteiz setiatu eta militarki hartzeaz hitz egiten, baita ia Gipuzkoa osoaren hartzeaz ere.

Lurralde horiek dominatu ondoren, eta euren aldeko jauntxoak nolabaiteko aginte morrontzan zituztela, Nafarroari eraso egin zioten orain dela 500 urte, baita mendean hartu ere, horretarako erdi kolonizatutako beste lurralde Baskongadetako soldaduak laguntzera behartuta.

Hildako eta zauritu gehienak Euskal Herriko «Nafarroako» seme-alabak ziren, bai gelditzen zen Nafarroa defenditu zutenak, baita Espainiaren ejertzitoaren menpe erasoan aritu ziren Baskongadetako morroiak ere.

500 urtez geroztik zenbat gatazka eta gerra, karlistada eta abar Euskal Herri hau desegin nahian. Biktimen gutxi gorabeherako zerrendarik egin daiteke? Zenbatzerik bada?

Gero Franco, Mola eta abarren estatu-kolpe militarra etorri zen, eta kasualitatez hemen, Eliza katolikoarekin batera, kolonizatutako nafar anai-arrebak izan zituen euskarri sendoena, Euskal Herria desegiteko ahaleginean. Euzkadiko Gudarostea osatu zen halabeharrez, baina inperioko indarrek menperatu egin zituzten Herri honen askatasuna babestu nahi zituztenak. Frankistek ere bazituzten, nola ez, kolonizatutako morroiak sobera. Oraindik ere biktimen kontaketa egiten ari dira Herri honetakoak, eta hori ere galarazita egon zen... Zenbat biktima utzi zituzten Euskal Herria suntsitzeko erasoan? Zenbat, askatasuna babestearren?

Frankismoak Euskal Herri honen zuztarrak desegin nahi zituenean sortu zen ETA. 50 urte hauetan ETA erakundearen helburua, izenak dion bezala, Euskal Herria ta Askatasuna izan da. Estatu zapaltzailearen indarren helburua ordea, baita euren bertako laguntzaileena ere, Euskal Herriaren Independentzia eta bere askatasun nahiak menperatzea izan da, autonomia kolonizatu bat bihurtzea. 50 urte hauetako borrokan ere, zoritxarrez, biktimak eragin dira, noski. Zorionez oraingoan, kontaketa egin ahal izango da, nahiz eta ez den erraza izango; ETAk eragindakoak ondo kontatuak daude, baina estatu zapaltzaileak eta beren kolaborazionistek eragindakoak? Zergatik ez dituzte kontatu nahi hildakoak, zaurituak eta milaka torturatuak?

Biktimak batzuk herri honen askatasuna lortzeko saiakeran eragindakoak izan dira (nahiz eta gerra txiki honetan ere gertatzen diren nahigabekoak), eta beste batzuk estatu zapaltzailearen aldetik eragindakoak, zapalkuntza ezarri eta betikotu nahian egindakoak... Norberak bere ondorenak atera ditzala batzuen eta besteen helburuak kontuan edukita.

Askatasuna lortzeko helburuarekin borrokatu eta erresistentzia eginez heldu gara gaur eguneraino, zapaltzaileen gizal- dietako sarraski mota guztiei aurre eginez. Gatazka hor dago; Euskal Herriak aske nahi du bizi eta bere etorkizuna erabaki nahi du, eta hor, gu, independentistak gara. Besteak, estatu espainiarzaleak dira, eta indar guztiz ekiten diote herri honek erabakitzeko eskubiderik ere izan ez dezan. Beste batzuk aldiz, autonomistak dira, eta hauek dira zoritxarrez estatu zapaltzaile horren morroi leialenak, eta ondorioz, Euskal Herriko askapenaren aurka lan koldarra maltzurki egiten dutenak, nahiz eta euren militantziaren gehiengoa abertzalea izan, engainaturik dituzten abertzaleak. Estatu espainolak herri honetan daukan Troiako zaldi nagusia PNV da, alderdi horretako agintari faktiko nagusiak; estatuko indar armatu zipaioak euskal militanteen eta erakunde politikoen aurka lan zikina bultzatu eta aginduak, torturak barne, nola ez. Estatu espainolaren morroi txintxo hauek zenbat biktima daude euren bizkar gainean hartzeko prest?

Nazio edo estatu bati erasotzen zaionean armada eta ejertzitoen bidez, eta menpean hartzen badute ere, nazio horrek badu defenditzeko eskubidea, Euskal Herriak ere bai. Estatu zapaltzaile horrek nazio erasan horri berak nahi dituen arauak jartzen badizkio, eta nazio horretan morroi ezin leialagoak lortzen baditu bere interes ezkutuak defenditzeko, horrek izen garbia du, «colaboracionista», frantses salduek naziekin egin zuten bezala. PNVko abertzaleek begiak eta buruak argitu beharko dituzte Troiako zaldun horiek beren tokian jartzeko. Abertzale horiek aukera ederra dute orain Independentzia lortzeko bidean sartzeko.

800 urte hauetako historiaren ondorioa: Biktima? Euskal Herria! Batzuek zapalkuntzan, eta besteek askatu nahian eragindakoak. Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea Euskal Herri osoarentzat lortzen ez den bitartean gatazka ez da bukatuko.

Espainia eta Frantziako estatuek indarkeria zapaltzailea indarrean mantentzen dute oraindik ere. Askatasunaren defentsa Euskal Herriaren eskuetan dago; erabakitzeko eskubidea lortzen badugu Euskal Herriak askatasuna irabaziko du. Espainiak bere lurraldean erabakiko du nola bizi nahi duen; eta laguntza nahi badu, auzotar bezala eta borondate internazionalistarekin eskua emateko prest izango da herri hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo