Armintzako itsas energia ustiatzeko plantaren gestioa kritikatu dute ekologistek
Eguzki, Txipio Bai eta Talaia erakunde ekologistek gogor kritikatu zuten atzo EVE (Lakuako energiaren erakundea), itsas energia ustiatzeko Armintzako BEMAP plantan egiten ari den lan «ilunagatik», eta gardentasunez jokatzeko eskatu zioten eta azalpen garbiak emateko.
Mikel PASTOR | BILBO
Bizkaiko eta Euskal Herri osoko zenbait erakunde ekologistek gogor kritikatu zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian, EVE (Lakuaren energia erakundea) itsas-mareen energia ustiatzeko Armintzako plantan egiten ari den gestioa. Euren esanetan, prozesu osoan «ez da inolako gardentasunik egon» eta ez dute inolako informaziorik jaso emandako pausoak azaltzeko.
Talaia elkarteko Juan Luis Olaranek aurkeztu zuen gaia. Berak azaldu bezala, 2008an aurkeztu zieten itsas energia ustiatzeko planta eraikitzeko proiektua. Nahiz eta duda-mudan ibili, ontzat eman zuten eragile ekologista gehienek.
Baina hasiera horretan aurkeztutako planteamendua hor geratu da, asmo hutsean, «EVE, Iberdrola, AZTI eta Tecnalia enpresek, diru publikoa baliatuz, nahi dutena egin dutelako» azaldu zuen Olaranek.
Kritikak bi aldetatik egiten dizkiote EVEri: alde batetik, proiektua zatikatu egin duelako, osotasunean aurrera eraman beharrean; eta bestetik, Iberdrola eta bere azpian dauden enpresekiko morrontza.
Legearen kontra
Irregulartasun horien artean agerikoenak zerikusia du energiaren transmisio eta erabilerarekin. Teorian, planteatutako proiektuak ikerketa eta ikasketa gune bat izan behar zuen, eta bidez batez, Lemoiz eta inguruko herrientzako energia sortuko zuten bertan.
Praktikan, halere, Gatika ingurura, eta Iberiar Penintsula osora salduko du energia Iberdrolak, plantan egin behar diren aldaketa guztiak eginda, horrek daukan kostu ekologikoarekin.
Gainera, Lemoiztik energia garraiatzeko, zentral nuklear zaharreko tentsio kableak erabili nahi dituzte, bide hori aspaldi kenduta egon behar bazen ere.
Armintzako plantatik energia garraitzeko, Lemoizko zentral nuklear zaharreko goi tentsioko linea erabili nahi dute, eta hori legez kanpokoa da, kable bide hori aspaldi kenduta egon behar zelako.