Atez atekoaren hiru urteko eraginkortasuna eta birziklatzeari buruzko eztabaida faltsua
Badira hiru urte Gipuzkoan, Usurbilen hain zuzen, atez ateko hondakin bilketa abiatu zutela. Atzo herri horretako alkateak eta Sanmarko mankomunitateko lehendakariak hiru urteotan bilketa sistema horrek utzi dituen emaitzen berri eman zuten. Emaitza horien arabera, Usurbilen sortzen den ia hondakin guztia biltzen ari dira. Duela hiru urte %30 birziklatzetik %89 birziklatzera iritsi dira. Datu horiek eta sistema hori abiarazi duten beste hiru herrietakoek atez ateko bilketaren eraginkortasuna berretsi dute, baita udalerri horietako herritarren parte-hartze eredugarria ere. Hala ere, atez atekoaren gaineko eztabaida egunerokoa da Gipuzkoan. Eztabaida faltsua, ordea; izan ere, EAJk eta PSEk atez atekoaren aurka abiatutako kanpainaren helburua ez da birziklatze motei buruzko eztabaida bultzatzea, errauste planta aurrera ateratzea baizik. Birziklatzearekin zerikusirik ez duen aukera, alegia. AHTren, Pasaiako kanpo portuaren edo errauste plantaren beraren gaineko kontsultak egiteko eskaerari eta are informazioa emateari uko egin diotenak kontsultazale amorratuak bihurtu izana barregarria ere bada. Nolanahi ere den, hortxe daude atez atekoaren datu ukaezinak.