ION IZAGIRRE | EUSKALTEL EUSKADI TALDEKO TXIRRINDULARIA
«Normalean talde handi bat iristen da, baina nik esperantza daukat»
Joseba ITURRIA
Tirrenon Euskalteleko onena izan da, hamaseigarren; eta San Remo, aurreneko aldian, txukun bukatu nahi du. Harelbeke, Gante, Flandria eta Roubaix klasikoak egingo ditu, Giroan, bere lehen itzuli handian, estreinatu aurretik.
Zer iritzi duzu zure urte hasieraz?
Balorazio ona emango nioke. Banekien denboraldi hasieran ondo egon beharra nuela, eta egia esan, egin ditudan lasterketetan oso gustura ibili naiz.
Garaipena hurbil izan zenuen Les Boucles du Sud Ardèchen, hirugarrena sartuz?
Banekien ondo nengoela eta ibilbidea ondo zetorkidan. Bestalde, lehian egun gutxi eginda nengoen (Mallorcan bi egun) eta ez nekien nola ibiliko nintzen. Ardèchekoak konfiantza handia eman zidan ondo nengoela baieztatzeko, gauzak ondo egin nituen Tirrenora sasoi onean iristeko eta iaztik banekien pixka bat nolakoa zen lasterketa eta horrek beste lasaitasun bat ematen dizu.
Tirreno oso gogorra izan da eta etapa luzeenean lehenengoekin iritsi zinen...
Etapa luzeak izan dira, ordu eta kilometro asko egin ditugu bizikleta gainean, eta bat 250koa izan da. Iaz amaiera berdina izan zen, eta banekien azkeneko kilometroetan aurrean kokatzea oso garrantzitsua zela. Azkeneko igoera aurrekoekin hasi nuen, baina gero bakoitza bere tokira joan zen.
Iraupeneko txirrindularia al zara?
Ez dut neure burua halakotzat, egia da etapa luzeak izan ditugula eta ongi moldatu naizela horietan, baina oraindik kilometro asko geratzen zaizkit iraupeneko txirrindulari bat izateko.
Ba San Remon 300 kilometro dira...
Ez dut sekula egin klasiko hau (aurreko urtean atera nintzen baina lehenengo hornidura postuan jaitsi nintzen) eta normalean talde handi bat iristen da helmugara. Ikusi beharko nola doan lasterketa, baina nik esperantza daukat ondo egiteko. Ihesaldian norbait sartzea garrantzitsua izango litzateke, eta amaieran aurrean bagaude, gure aukerak baliatu beharko ditugu, erasora jota.
Hemendik aurrera, zer korrituko duzu?
Hiru eguneko atsedenaldia, pabeseko klasikoetara joango naiz eta Girora begira jarriko naiz ahalik eta ondoen iristeko.
Giroa izango da zure lehenengo itzuli handia. Zer esan nahi du zuretzat?
Gogo biziz hartzen dut erronka hau eta badakit oso itzuli gogorra eta luzea izango dela, baina gauzak ongi eginez gero seguru nago taldeak maila ona emango duela. Itzuli honetaz ikusi dudanagatik esango nuke lasterketa luzeak eta gogorrak gustatzen zaizkiela italiarrei.