GARA > Idatzia > Kultura

ELEBERRIA

Usteak ustel

p056_f01.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Txabi Arnal ezagun egin da azken urteotan album arloan eginiko ekarpenengatik, Espainiako hainbat argitaletxetan plazaratu izan ditu haur txikientzako zenbait idazlan ilustratzaile ezberdinekin batera. Oraingoan, album eta liburu ilustraturen arteko «Tren Urdina» bilduman «Nikolas» ipuina eskaini digu Patxi Gallegorekin batera.

Liburuaren azalean bertan ikus daitekeen bezala bi pertsonaia ditugu, istorioa kontatzen digun mutikoa, narratzaile bakarra dena kontakizunean zehar, eta Nikolas, istorio honetako benetako protagonista eta gure narratzailearen arreta, ustea eta gogoeten gunea dena. Liburua, hain zuzen, horrela hasten da, gaztetxo narratzailearen hitzekin: «Altua da, atletikoa, ebanoa bezain beltza. Ikusi nuen lehen aldi hartan, igeriketa-txapeldun afrikar bat zela pentsatu nuen». Eta igerilekuan ageri zaigun atleta horren deskribapen behar handirik ez dago Gallegoren ilustrazioak ikusita; komikiaren eragina duten irudiek mutikoaren harridura eta afrikar indartsua erakusten baitizkigute; kontakizunaren hariak aurrera egin ahala, baina, afrikar igerilariaren aurpegi serio, irmo eta erabakitsuak ikara eta segurtasun eza adierazten duenari uzten dio lekua. Eta, apur-apurka, hasierako ustea okerra dela erakusten duten zantzuen artean igerilari afrikarrak eginiko galdera dugu: «Galdera hark zalantza eragin zidan. Igeriketa-txapeldunek ez baitute galdetzen zenbateko sakonera daukan igerilekuak».

Kontalariaren eta Nikolasen artean, horixe baita afrikarraren izena, harreman bitxia sortzen da. Nikolas uretatik irten bezain pronto hurbilduko zaio mutikoa eta lagundu nahian aholku txiki bat eman eta galdera bat egiten dio: «Igerian ikasi nahi baduzu, beldurra galdu beharko diozu urari. Beldurra zer den badakizu?», eta une horretan, beldurra hitza aipatzean mundu berri bat irekiko zaigu liburuan murgiltzen garenoi. Zer da, bada, beldurra? Zeri edo nori diogu guk beldurra? Nikolasek bi hitzetan azaltzen dio mutikoari zergatik ari den igeri ikasi nahian, azalduko dio bere herrialdetik patera ziztrin batean zeharkatu zuela itsasoa (marrazo eta guztiz, Gallegoren irudietan ageri den bezala), kontatuko dio bere herrialdean gosea eta gerra direla eta laster hamazortzi urte beteko dituenez bere herrira bidaliko dutela berriro. Eta Nikolas, hona etorri behar den hurrengo baterako ikasten ari da igerian.

Ipuin sinple honek istorio asko gordetzen ditu bere baitan eta Patxi Gallegoren irudiek ederki laguntzen dute irakurketa aberatsagoa egiten, testutik haratagoko irakurketa bat egiten. Narrazioa, berriz, sinplea da, haur baten ahotsetik egina eta inozentzia horretan gogoeta egiteko kontu asko azaltzen zaizkigu.

Legeek eta agintariek markatzen dituzten mugen gainetik pertsonen jarrera eta adiskidetasuna ditugu harresi eta muga horiek guztiak gainditzeko. Eta horren adibide argia dugu liburuko azken irudia, narratzailea eta Nikolas igerian, laguntzen bat eta ikasten bestea... lehenak utzitako betaurrekoekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo