GARA > Idatzia > Kultura

Hamaikak erabat aldatu du webgunea, eta zuzenean ikusten ahalko da telebista bertatik

Maider IANTZI | DONOSTIA

Hiru urte dira Bilbon piztu zela, bi urte Donostiatik ere emititzen hasi zela, eta garai zailak badira ere, aurrerapausoak ematen ari da Hamaika Telebista. Hasteko, zeharo berritu du Hamaika.tv ataria. Iñaki Uria zuzendari nagusiak eta Inaxio Esnaola komunikazio arduradunak azaldu zutenez, ikus-entzunezko webgune hau bertze komunikabide bat da, eta albisteak, telebistako saioak eta programazioa eskaintzeaz gain, emisioa zuzenean jarraitzeko eta argazkiak, idatziak edo bideoak bidaliz ekarpenak egiteko aukera ematen du. Iragarri zutenez, hilabeteotan aurkeztuko dituzten berrikuntzetako lehenengoa baino ez da.

Zuzenean webgunetik emititzeak duen garrantzia azpimarratu zuten, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban LTD bidez eta Euskaltelen telebista digitalaren bidez zabaltzen baitute seinalea, baina ez Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Orain, «Zuzenekoa» atalean klikatuz, Euskal Herri osoan izanen da Hamaika ikusteko aukera, baita atzerrian ere.

Telebista txikia izan arren, baliabide gutxi izan arren, puntan egoten saiatzen ari direla nabarmendu zuten. «Eta, neurri batean, bagaude», adierazi zuen Uriak. Horren adibide da lehen aipatutako «Zuzenekoa» atala.

Bisitariak segituan nabarituko du webgunearen aldaketa, bai diseinuan, bai edukian. Esnaolak hala erran zuen hitz bitan: «Estatiko izatetik dinamiko izatera igaro da». Hasierako orrian telebistako edukiak, hau da, bideoak dira protagonista. Programazioa ageri da eta azpian, egunean sortzen diren berri esanguratsuenak. Beherago, ikusleei eskainitako txoko berri bat dago, jendeak bere bideo zein argazkiak igotzeko. Horiek, web orrian ez ezik, telebistan ere emanen dituzte.

Hamaikak ekoizten dituen zortzi saioek atal berezitua dute: «Bat eta bat», «Esatea libre», «Berbaz»... Programa bakoitzean, informazioarekin batera emanaldi guztiak ikus daitezke.

Gune orokorraz gain, Donostiako eta Bilboko ekoizpenentzat atari bereziak sortu dituzte: Hamaikadonostia.tv-n Gipuzkoako albiste eta edukiek garrantzi handiagoa izanen dute, eta Hamaikabilbo.tv-n, aldiz, Bizkaikoek.

Aurki etorriko da hurrengo berrikuntza: mugikorrerako sortu duten aplikazioa heldu den astean aurkeztuko dute, eta Uriak aurreratu zuenez, aukera handiak irekiko ditu interakziorako. Aste Santutik bueltan, Donostiako Zuatzu parkean, Pia eraikinean duten egoitza berria inauguratuko dute, eta edukietan ere jauzi bat eginen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo