GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GUGGENHEIM+BISITALDIA BEREZIAK

Zer dago Guggenheimeko erakusketa bakoitzaren atzean?

Bilboko Guggenheim museoak, Basquetour-en lankidetzarekin, publikoari itxita dauden txoko ezkutuak ezagutzeko bisitaldiak antolatuko ditu ostiral, larunbat eta igandetan. Ibilbidean zehar artelanak erakusketara iritsi arte jasotako tratamendua, kontserbazio tailerrak, sotoko makinak eta Nerua jatetxearen sukaldea ezagutzeko aukera ematen du, besteak beste. Hori bai, pertsonako 75 euro balio ditu eta ez dago euskaraz egiteko aukerarik.

p009_f01_199x128.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Bilboko Guggenheim museoak esperientzia berri bat eskaini nahi die bertaratzen diren bisitariei. Bi ordu eta erdiko ibilaldi baten bidez, erakusketa bat antolatzeko eman beharreko pausoak ikasteaz gain, Frank Gerhyk diseinatutako eraikin honetan gordetzen diren sekretuak eta bitxikeriak ezagutzeko aukera izango da martxoaren 30etik aurrera. Ostiraletan (ingelesez), larunbatetan (gaztelaniaz) eta igandetan (frantsesez) izango dira bisitak. Euskarazkorik ez ote duten egingo galdetuta, «bisitariaren jatorri linguistikoa izan dugu kontuan -esan zuen Juan Ignacio Vidartek, museoko zuzendariak-. Eskaeraren arabera aztertuko dugu jarri edo ez».

Publikoari erakutsi aurretik, artelan bat eskuratu eta zein pauso jarraitzen dituen erakusten da bisitan. «Lurrez, airez edo itsasoz irits daitezke», azaldu zuen Dani Vegak, museoko eduki artistikoen arduradunak. «Semaforoak desmuntatu behar izan ditugu, Loiun inoiz egon den hegazkin handiena ere obra bat ekartzeko izan zen... Segurtasun neurriak ere sekulakoak dira», erantsi zuen. Lanak jasotzen diren lekuan, esaterako, zerbait iristen den bakoitzean ate guztiak blindatu egiten dira eta altzairuzko pertsianekin banatutako konpartimenduak dituzte suteak ekidin eta tenperatura eta hezetasuna kontrolatzeko.

Museoko «langile»

Bost eta hamabost kide bitarteko taldeak osatuko dira eta bakoitzari eginkizun bat jarriko zaio: kontserbazioa, mantentze lana, komisario lana, erregistroa... Batetik bestera, hamaika tona jasateko gai den karga-jasogailu batean igoko dira. «Gerhyren detaile bat izan zen eraikina erabilera museistikorako egokitu baitzuen. Ez da beti horrela gertatzen», azaldu zuen Vegak. Izan ere, obren pisuak buruhauste bat baino gehiago ematen dizkie museoko arduradunei. Zintzilikatzeko, esaterako, hormei errefortzuak jartzen dizkiete. Galeria baten erdian zutabe bat eraikitzeko arrazoia ere azaldu zuten atzo: Goiko zoruak Richard Serraren eskultura pisutsuak jasan ahal izateko, sotorainoko zutabea egin behar izan zuten.

Kontrastez jositako bisita honetan, margolan bidimentsionalen biltegi batetik, inor igotzen ez den museoaren goiko terraza batera egingo da salto eta Gerhyk diseinatutako altzariz jantzitako liburutegira gero. Hor, museoko maketekin erakusketak diseinatzeko aukera emango dute. «Museo osoa eta iristen diren obra guztiak 1:40 eskalan erreproduzitzen ditugu. Aurretik maketetan muntatzen dugu dena, arazoak ekiditeko».

Bukatzeko, Michelin izar bat duen Nerua jatetxean egingo da geldialdia. Josean Alijaren gidaritzapean 30 langile inguruk lan egiten duten sukaldea ezagutzeaz gain, aperitibo txiki bat dastatuz bukatuko da ibilbidea.

Bisita egiteko hamabi urtetik gorakoa izan behar da. Nahi duenak ezinbesteko izango du erreserba egitea www.guggenheimplus.es helbidean. 75 euro izango dira pertsonako, 60 Museoaren Lagunak direnentzat.

David Hockneyen «ikuspegi zabalagoa», maiatzean

Datorren maiatzaren 15ean zabalduko da Guggenheim museoan «David Hockney: ikuspegi zabalago bat» erakusketa. Londresko Royal Academy of Arts-ek antolatu du, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Koloniako Museum Ludwig-ekin lankidetzan. Hockney (Bradford, Britainia Handia, 1937) egun jardunean dagoen britainiar pintore gailentzat dute, eta erakusketa honetan haren ibilbidean paisaiak duen leku esanguratsua aztertuko da. Museoko bigarren solairuan 190 bat lan jarriko dira: olio-pinturak, ikatz ziriz eta iPad bidez egindako marrazkiak, zirriborroen koadernoak eta bideo digitalak, gehienak azken zortzi urteetan sortutakoak. Nolanahi ere, 2004tik aurrera egindako Yorkshire-ko paisaiaren margolan biziak dira erakusketaren muina, museoak azaldu zutenez. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo