Nafarroak Estatuaren kateak apurtzeko garaia iritsi dela adierazi du ezker abertzaleak
Pernando Barrenak eta Txelui Morenok atzo nabarmendu zutenez, Foru Hobekuntza, duela 30 urte onartua, Estatu espainolak Euskal Herriaren aurka darabilen «zatiketa estrategikoaren zutoina da».
Ion SALGADO | IRUÑEA
Nafarroak Estatu espainolaren «kateak hausteko» garaia dela nabarmendu zuen atzo ezker abertzaleak. Azaldu zuenez, gehiengo berriak hazten ari dira Euskal Herrian, eta «jada unea iritsi da Nafarroak Espainiarekin eta kapitalarekin dituen kateak hausteko».
Iruñean egindako prentsaurrekoan, Txelui Morenok eta Pernando Barrenak, ezker abertzaleko bozeramaileek, gogor jo zuten Foru Hobekuntzaren kontra. Beraien ustez, Nafarroaren oraina gidatzen duen lege hori da Estatu espainolak Euskal Herriaren aurka darabilen «zatiketa estrategiaren zutoina».
Pernando Barrenak euskaraz azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak gaur egun Nafarroan indarrean duen «menperatze estrategia politiko, ekonomiko eta kulturala» Foru Hobekuntzan oinarritzen da. «Oinarri ez demokratikoak dituen Foru Hobekuntza, bazterketan oinarritua eta herritarren berrespenik gabekoa» dela salatu zuen bozeramaileak.
Halaber, ezker abertzaleko bi politikariek gogora ekarri zuten Foru Hobekuntzaren garapenean, nafarrek demokratikoki hautatutako ordezkari abertzaleak baztertu zituztela legea egiterakoan. Horrez gain, nabarmentzekoa da Espainiako politikariek duela 30 urte idatzitako testua «inposatu» egin zutela Nafarroan, inolako herri kontsulta edota berrespenik gabe.
«Oinarri horiekin ez da harritzekoa azken hogeita hamar urte hauetan Nafarroa eskuinaren, botere ekonomikoen eta espainiar sektore atzerakoienen cortijo partikularra izatea», kritikatu zuen Barrenak.
Era berean, Hobekuntza «Espainiarekin eta miseriara garamatzan oligarkiarekin lotzen gaituen katea» dela salatu zuen politikari abertzaleak. «Inolako errespeturik gabe beraien legeak, murrizketak eta erreformak inposatu, eta bitartean, geure dirua Armada eta Polizia mantentzeko kentzen diguten horiekiko loturak hausteko unea iritsi da», gehitu zuen.
«Huts egin du»
Barrenaren iritziz, 30 urte igaro ondoren, Foru Hobekuntzak «huts egin du, ez du gehiagorako ematen». «Nafarroa alternatibo, intsumiso, euskaldun, parekide, gorri eta berdea asimi- latu nahi izan duen ziklo politikoak huts egin du. Nafarroa, gainontzeko Euskal Herria bezala, bere trantsizio demokratikoaren atarian dago», azpimarratu zuen.
Bozeramaile abertzaleak dioenez, «konstantzia, ideien argitasuna eta milaka nafarren bultzadari esker, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialaren hazia ereitea lortu da». «Bazterketa eta herritarren berrespenik eza ezin dira marko politiko berriaren zutoinak izan. Oinarriek demokratikoak izan behar dute, eztabaidan denak barne hartuz eta herri parte-hartzea ziurtatuz». Bukatzeko, defendatu zuen nafarrek subiranotasun politiko eta ekonomikoa behar dutela beren etorkizuna erabakitzeko eta Euskal Herriko beste herrialdeekin izan nahi duten harremana erabakitzeko.
Ostegunean Bildu eta Nafarroa Bai-ko ordezkariek, Bakartxo Ruizek eta Patxi Zabaletak, Foru Hobekuntza aldatzeko eskatu zuten Iruñean, Parlamentua osatzen duten politikarien aurrean.
Pernando Barrenaren ustez, erabakitzeko eskubidearen urraketa, herri mugimenduaren kriminalizazioa eta euskararen aurkako estrategia politikoa dira UPN eta PSN osatzen duten Gobernuaren ikurrak.