Jean Echenozen «Tximistak» euskaratu du Gerardo Markuletak
Izenburu polita eman zuen Gerardo Markuletak bere hitzaldian: «Literatur itzultzaileak lau katu gara, baina xagu asko harrapatzen dugu; batzuetan, arratoi handiren bat ere bai». Jean Echenozen azkena, adibidez.Maider IANTZI | DONOSTIA
Jean Echenoz (Orange, Vaucluse, 1947) idazle frantziar arrakastatsuaren azkeneko lana, hiru alegiazko bizitza kontatzen dituen trilogia ekarri du euskarara Gerardo Markuletak. Pertsona historiko errealetan oinarritutako bilduma da, baina eleberriak dira, egileak berak dioen bezala, «eskrupulo biografikorik gabe» eginak. Lehendabiziko liburuak musikari bat zuen protagonista, bigarrenak fondoko lasterkari bat, eta azkenak, atzo aurkeztutakoak, asmatzaile kroaziar bat, ikaragarrizko jeinua, baina pertsona zaila.
2010ean argitaratutako «Des Éclairs» (euskaraz, «Tximistak») izeneko nobela honek Nikola Tesla (1856-1943) ingeniariaren patua du inspirazio iturri, baita haren gainean idatzitako kontakizunak ere. Pertsona hau egiatan existitu zen eta gaur egun nondik datozen jakin gabe erabiltzen ditugun aparatu ugari sortu zituen, irratia errate baterako. Hala deskribatu zuen Markuletak Tesla: «Bi metro luze, bizi osoan ez zion hazteari utzi. Bakarzalea, txorizalea, garbitasunarekin obsesionatua, harremanetarako izua eta ezgauza zen. Mania bat zuen: zenbatzea. Taldeka ikusten zituen gauza guztiak kontatu behar zituen, eta ordua, beti zekien zer ordu zen. Hiru zenbakia perfekzio gunea zen beretzat».
Segur aski, izan zuen jaiotza bereziak, eta gauerdiaren aitzinetik edo ondoren jaio zen inork erran ezin izateak zerikusia izan zuen bere izaerarekin. Izan ere, sekulako ekaitzaren erdian etorri baitzen mundura, indar handiko haize zulatzaile bat etxea eraisten saiatzen ari zela. Gauza guztiak airean zebiltzan, alfonbrak altxatuta, kriseiluak zabu bihurtuta, lanparak itzalita. Halako une eroan, inork ez zuen erabili tximistaren argia ordua kontsultatzeko.
Asmatzailea pobre hil zen
Gorputza bezala joan zitzaion hazten Teslari talentua eta buru-argitasuna. Irratia sortu zuen, x izpiak, baina patente hori ere lapurtu egin zioten, ez baitzekien bere argitasuna fama ala diru bihurtzen. Fluoreszentea, haririk gabeko transmisioa, elektrizitatea garraiatzeko korronte alternatiboa... Ideiak barra-barra, nahi gabe ateratzen zitzaizkion. Mikroskopio elektronikoa, partikula azeleragailua, Internet bera asmatzeko bideak eman zituen.
Pertsonaiaz aparte, idazlea, Jean Echenoz, garrantzitsua iruditzen zaio itzultzaileari, «askatasun handiak» hartzen dituelako. «Hizkuntza, frantsesa, oso era berezian manipulatzen du, baita arau literarioak ere. Estilo txundigarria du; arina, baina barne esangura izugarrikoa. Sareak ehuntzen ditu, errepikatzen diren oihartzun txikiekin, eta nobela poema bihurtzen du».
Itzultzaileak bitamina ederra direla oroitaraziz bukatu zuen Markuletak, literatura unibertsala ekartzen dutelako euskarara eta euskaratik ere itzultzen dutelako bertze hizkuntzetara. «Instituzioek gastronomiaren alde egiten duten %0,7 liburuentzat egiteko» eskatu zuen, «sabela bete ez arren poz handiak» ematen dituzte-eta.