GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Geuk sinistu behar dugu

Gure esku biak baino ez dauzkagu dena daukaten horien aurrean, baina gure esku hauek askorako balio digute, sortzeko eta eraikitzeko balio digute

Gazteagotan zur eta lur gelditzen nintzen AEBetako pelikuletan edo serieetan agertzen diren kontu arrotz zenbaitekin. Batzuetan pertsonaia bat gaixotzen da, ezin da lanera joan, eta hara hor kale gorrian uzten dutela, eta gainera, medikua ezin pagaturik, egun batetik bestera. Beste batzuetan agure zaharrak agertzen dira edozelako lanak egiten, mezulari edo gauzain edo «mandatu mutil» bulego batean, fakturak ordaindu ahal izateko. Askotan enplegu bi edo hiru dauzkan ama batek auzokideari egunero erregutu behar dio umeak tarte batez zaindu ditzan... pelikuletako irudi ezagunak dira hauek guztiak.

Honelako bizimoduak europar begiradaz ikusteak harridura sorrarazten digu, edo orain arte, behintzat, sorrarazi digu. Gueñesen LABeko delegatu bi daude gose greban, Iberdrolaren Konecta enpresak 11 lagun kaleratu dituelako eta beste zazpi kaleratu behar dituelako ez badute onartzen Bartzelonara joatea. Kaleratzeen arrazoia? Bajan egon direla, gaixotasun baja justifikatuan.

Azken lan erreformaz baliatu dira honetarako, besteak beste hori egiteko boterea ematen dielako azken lan erreformak. Erreforma benetan da bortitza eta erasokorra, baina, zoritxarrez, ez da gure arazo bakarra. Gerra deklaratu digute langileoi (denoi, enplegua izan ala ez izan, soldatapekoei, autonomoei, sektore publiko zein pribatukoei) eta fronte guztiak zabaldu dituzte.

Gauza jakina da aberastasuna, gero eta aberastasun gehiago gero eta esku gutxiagotan pilatzea, dela mundua maneiatzen duten gutxi horiek bilatzen dutena. Baina gutxitan erreparatzen dugu eskubideetan. Aberastasuna pilatzea helburua da, hori egiteko modua eskubideen aroa deitu duten honetan joko arauak guztiz aldatzea. Ez dago giza eskubide posiblerik, ez eskubide sozialik, ezta laboralik ere. Funtsean, ez dago eskubide komun eta kolektiborik. Eskubide indibidualak baino ez dira existitzen eta merkatu erraldoi honetan ezinezkoa da eskubide indibidualik erostea, dirurik eduki ezean.

Legez gauza bakarra babesten da: merkantilizazioa. Dena merkaturatzen da: lurra, ura, baita gure material genetikoa ere. Eta gu, langileria, merkantilizaturik gaude. Geure burua saltzen diegu lan merkatua guztiz kontrolatzen dutenei. Eta, zer egin? Sasoi hobeak itxaroten gelditu? Geure salbamendua itxaron? Gure bizitzekin jolastu nahi dute, gu, otzan-otzan, begira gelditzen garenean.

Hasteko, haserretu, sutan jarri. Gero, erantzun, aurre egin. Baina hori ere ez da nahikoa. Aurreko batean Bilbon esan nuen bezala, gure esku biak baino ez dauzkagu dena daukaten horien aurrean, baina gure esku hauek askorako balio digute, sortzeko eta eraikitzeko balio digute. Alternatiba jorratzeko. Aukerak badaude, baldintzak badaude Euskal Herrian lan horri ekiteko eta berandu baino lehen ekin behar diogu. Ez gaude hemen inori ezer eskatzeko, egiteko gaude. Ez da momentua ezer aldarrikatzeko, eraikitzeko sasoia dugu. 29an kalera irten bai, baina gure bidean inflexio puntu izan dadin. Ez da bide erraza eta gordindu egingo da. Lehenik eta behin guk geuk sinistu behar dugu, gure aukeretan sinistu, gure ahalmenean sinistu, gure indarrean sinistu. Borroka horretan benetan sinisten badugu, ez dagoelako geldituko gaituenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo