ZIENTZIA
Paperik gabe
MIkel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Azken hamar urteetako ohitura berria da paperaren erabilera ahalik eta gehien murriztea. Eta ohitura bezala nabaritu da merkatu globaletan: adibidez, gaur egun 2001ean baino %20 gutxiago erabiltzen dute papera AEBetan (eta inoiz ez bezala paper birziklatuaren kopuru izugarriak esportatzen dituzte Txinara).
Orokorrean, birziklatzeko mugimendua azkar sendotu da Mendebaldeko estatu guztietan, eta paper birziklatuaren erabilera areagotzeaz gain, gero eta gehiago, datuak paperean ipini baino formatu elektronikoan idazten ditugu edo iturri elektronikoetatik irakurri, eta fitxategietan eduki.
Aldaketa hauen adibide nagusia dira gaur egun iPad motako tablet-ak eta eskuko konputagailuak. Duela hiru urte, Sony Reader eta Kindle besterik ez ziren, baina orain komunikabideentzat beste eremu zabal berriak ireki dituzte iPad eta beste tabletek.
Adibidez, orain errazagoa da egunkaria iPad batean kafetegian irakurtzea: alde batetik, eskuak ez ditu tintarekin zikinduko, eta bestetik gailu horren bidez ahal direlako egunkari ugari irakurri, eta aldi berean emaila ere bai, eta aspertzean, ba, Facebook edo Twitter pixka bat begiratu.
Horrelakorik ezin zen egin duela urte gutxi.
Berdin gertatzen ari da liburuekin. Liburu elektroniko edo eBook-ak izango dira urte gutxi barru paperezkoak baino gehiago salduko direnak, eta argi dago inprimatutako liburuek ez dutela etorkizun komertzialik.
Beraz, paperaren erresuma amaitzeko azken momentuetan dagoela dirudi, eta prozesua ustez baino arinago gertatzen ari da. Mende luzeetan paperak izandako gailentasuna amaitzera doa.
Hori dena esanda, sarritan nik papera nahiago dut. Zaila delako iraganeko inertzia aldatzea? Ez dakit.
Adibidez, goizean «Financial Times» irakurtzen dut paperezko bertsioan, eta tamainagatik errazagoa da irakurtzea paperean iPad-aren pantaila txikian baino. Era berean, iPad-eko bertsioa jarraia denez, eguneratuta dago, eta paperezkoa esan daiteke «atzoko ogia» dela.
Era berean, eBook-ak irakurtzea praktikoa da: adibidez, oporretan maleta liburuz bete beharrean, iPad bakarra behar duzu. Baina nire irudiz liburu bat eskuetan izatea beste gauza bat da; atseginagoa da esperientzia. Eta gehitu behar dena da, paperezko liburuari ez zaizkiola inoiz bateriak agortzen!
Galdera da beraz, inoiz paperik gabe bizi ahal izango ote garen, edo paperak gure bizian rol berriak aurkituko al ditu?
Esan behar da papera ez erabiltzea kasu batzuetan muturreko obsesioa bihurtu dela.
Eta hori ez da guztiz zuzena, edo praktikoa.
Orain sarritan -edo gehienetan- jendeak email-ak bidaltzen dituenean, sinaduran ipintzen du «ingurunea zaindu» edo «email hau ez inprimatu ez baldin bada beharrezkoa» eta antzekoak.
Gure enpresan duela hiru urte «Go paperless» kanpaina egin genuen, eta garai batez emailaren sinaduran mezu hori ipintzen genuen. Garai hartan aholkua eskaintzen genien beste enpresei nola sortu «paperik gabeko bulegoak» eta nola lan egin enpresan paperik gabe.
Hori dena aurten bukatu nuen, oso hipokrita iruditzen zitzaidalako. Izan ere, egun batean nire bulegoan begirada bat bota, eta esan nuen nire baitan: zer ikusten dut? Paperak mahaian, paperak artxibategietan, post-it-ak konputagailuaren pantailan, eta abar luze bat.
Beraz, nola esan diezaioket inori ez inprimatzeko email bat?
Geure burua ezin dugu engainatu. Agian etorkizunak ekarriko digu noizbait «paper gutxiagoko» bizimodua, gailu elektroniko gehiago eta azkarragoak ditugunean, baina beharbada gure bizitzetan beti izango dugu paperarentzat lekua, txikia bada ere.