Donostiako jazz jaialdia iragarriko duen kartelak Eduardo Chillidaren grabatuak ditu oinarri
Heineken Jazzaldia itxura hartzen ari da gutxika-gutxika. Kontzertuen programazioaren zati handiena aurkeztu ostean, aurtengo edizioko kartela hautatu zuen epaimahaiak atzo.
M.L. | DONOSTIA
Ordainpeko kontzertuen programazioa aurkeztu ondoren, Donostiako Heineken Jazzaldiak aurtengo kartela prest du dagoeneko. Uztailaren 19tik 23ra izango da jaialdia eta hori iragartzeko Jon Artetxe bizkaitarrak sortutako irudia erabiliko du Jazzaldiak.
26 urteko gazte honek diseinu grafikoko lanak egiten ditu Bilboko Onin Grafik estudioan. Ilustrazioa bokazio du, betidanik gustatu izan zaio, baina orain dela bizpahiru urte hasi zen serioski arlo hau lantzen.
GARAri azaldu zionez, hasieran batean, Donostiako Zinemaldiak antolatutako kartel lehiaketan parte hartzeko asmoa zuen, baina bilaketa lanetan zebilela Jazzaldiaren deialdia topatu zuen eta, azkenik, Zinemaldia albo batera utzi eta Jazzaldirako egin zuen lana.
Neurri horretako lehiaketa batean parte hartzen duen bigarren aldia da. Aurretik, Bilboko jaietarako eta hainbat herritako jaietarako kartel lehiaketetan hartu du parte, baina sekula ez du saririk irabazi. «Kristoren adrenalina eta poza izan da lehiaketa irabaztea. Oso emaitza positiboa», azaldu zuen.
«Errotuladore batekin marrazten hasi nintzen eta irudian agertzen den tronpeta irten zitzaidan. Chillidaren grabatuak ikusi ondoren egin nuen. Hortik aurrera ideia polita iruditu zitzaidan kartel batean agertzeko, eta originala. Xumea eta indartsua da aldi berean», azaldu zuen Artetxek.
«Chillida» izenburu duen kartelak 1.200 euroko saria irabazi du, eta gainera, Artetxeri bere lanak milaka pertsonak ikusteko aukera emango dio, eta bere curriculumari bultzada handia emango diolakoan dago.
Kartela hautatu duen epaimahaiko kide izan dira, Mikel Erentxun kantaria, Russian Red abeslaria eta Karmele Soler, Goya saria irabazi berri duen makillatzaile donostiarra, besteak beste.