Tolosan jazotakoak Sarkozyri mesede egin badio, zeri egiten dio mesede Sarkozyren mezuak?
Okzitaniako Tolosan azken astean jazotakoaren inguruan oraindik gauza asko dago argitzeke, eta gaur-gaurkoz ziurtzat jo daitekeen gauza bakarra hainbat lagun hil direla da, horietatik hiru adingabekoak. Benetan, ziurtasun triste eta lazgarria. Hortik aurrera, hilketa horien ustezko egileak muturreko islamismoarekin harremana duela zabaltzearekin batera aditu askok azkar nabarmendu dute gertatutakoak Nicolas Sarkozy hauteskunde kanpainan erabiltzen ari den mezuari mesede egingo diola. Izan ere, presidente frantsesak immigrazioaren kontrako mezu oso gogorra erabili du, populismoa, arrazismoa eta demagogia uztartu dituen mezua, alegia. Eta, noski, ustezko hiltzailea «Al Kaedaren gertukoa» dela jakiteak, edo bertsio hori zabaltzeak, «argudioak» ematen omen dizkio.
Baina auzi hau beste ikuspuntu batetik ere ikus daiteke. Izan ere, zeri laguntzen dio Sarkozy eta enparauen mezuak? Zer eragin dauka Estatu frantseseko gizartean? Tolosako hilketen egilea muturrekoa bazen, nolakoak dira Sarkozy, Le Pen eta beste zenbait politikariren berbaldiak? Honen guztiaren gainean ere hausnarketa egin beharko lukete adituek.