Legebiltzarreko HAUTESKUNDEAK ESTATU FRANTSESEAN
EHBai izango da Ipar Euskal Herriko aldarrikapenen bozgorailua Parisen
Ekainean izango diren Asanblea Nazionalerako hauteskundeen karietara, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aldarrikapenen «bozgorailu eta defendatzaile» izango da EHBai. Sistema kapitalistaren krisia eta Euskal Herrian irekitako aro berriaren testuinguruan kokaturik, boz bereziak izango direlakoan daude. Bestelako eredu soziala, ekonomikoa eta politikoa ahalbidetzeko, Euskal Herriaren hitza Parisera eramateko parioa egin du koalizioak.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Abertzaleen Batasunaren eta Batasunaren artean osatutako EHBai koalizioa «Euskal Herriaren aldarrikapenen bozgorailua» izango da ekainean egitekotan diren legebiltzarreko hauteskundeetan. Hala jakinarazi zuten atzo, Baionan, kanpainaren ildo nagusiak eta hautagaiak aurkezterakoan.
Lehenik eta behin, boz hauek «egoera berezian» gauzatuko direla nabarmendu zuten. Batetik, «sistema kapitalista krisi sakonean» dagoen unean. «Krisi hau kudeatzeko, bai Europako gobernuak zein frantses gobernuak hartu dituzten neurriek ez dute inongo soluziobiderik ekarri. Sozial-liberalismoaren ildotik planteatutakoak, krisiaren ondorioak konpontzera bideratuta daude soilik eta ultraliberalismotik hartutakoek, berriz, ondorio horiek areagotu besterik ez dute egin», esan zuen Peio Etxeberri-Ainziartek.
Horrenbestez, «kudeaketa horrek eragiten dituen ondorio gero eta larriagoen aitzinean -zerbitzu publikoen pribatizazioa eta desagertzea, langabeziaren emendatzea, finantza alorra indartzea...-, beste moldeak» behar direlakoan dago EHBai.
«Joko-arauak aldatu behar dira etekinaren kontzeptua beharren kontzeptuagatik ordezkatuz eta egoera orokorra aintzat hartuta, lekuan lekuko mailan eraginez», gaineratu zuen Ainziartek, hauteskunde barruti bakoitzeko errealitatera egokitutako proposamenak egingo dituztela iragarrita, «batez ere, etxebizitza, elkartasuna eta inguru- menarekin lotutako gaietan».
Paris konponbidera bultzatu
Beste aldetik, testuinguru berezia ezaugarritzen duen beste aldagai nagusia «Euskal Herrian irekitako aro berria» dela nabarmendu zuten.
Egoera horrek «gatazkaren konponketari ateak irekitzen» dizkion bezala, Ipar Euskal Herriak dituen arazoei irtenbideak bilatzeko ere «une historikoa» dela adierazi zuten.
Hortaz, Parisen «inplikazioa bultzatzea» ezinbestekotzat jo zuten, «ez soilik presoekin edo desmilitarizazioarekin zerikusia duten gaietan, baita hemen mahai gainean ditugun arazoen soluzioetan ere».
Hain zuzen, une honetan pil-pilean dauden arazo horien artean aitortza instituzionalarena «gai zentrala» izango dela aurreratu zuten. «Eskumen zabaleko instituzioa behar dugu, eta egunotan hainbat eragilek jakinarazi duten moduan, gai honetan Parisi aho bakar batez hitz egiteko kontsentsu zabala erdiestea premiazkoa dela deritzogu», gehitu zuen Ainziartek.
Horrekin batera, EHBairen kanpainan euskararen ofizialtasunaren aldarrikapena oso presente izango da, «normalizazioaren bidean, ezinbestean esta- tus ofiziala behar duela uste dugulako».
Une politiko orokorra kokatuta, Anita Lopepek hauteskunde kanpaina honetako helburuak azaldu zituen: «Hauteskunde hauen bitartez ezkerreko abertzaleen mugimenduaren erreferentzialtasuna indartzea nahi dugu. Eztabaida politikoan eragin nahi dugu eta guretzat lehentasunezkoak diren gaiak mahai gainean eta eztabaida politikoaren zentroan jarriko ditugu», nabarmendu zuen.
«Erantzun legegilea»
Euskal herritarrak arranguratzen dituzten gaiak ere jorratuko dituztela adierazi zuen, «bai kanpainan, baita biharamunean ere»: «Boz legegileak diren heinean, Ipar Euskal Herrirako planteatzen ditugun alternatibak Asanblea Nazionalean erantzun legegile bat izan behar dute eta horretan saiatuko da EHBai».
Bestalde, abertzaleen «potentzial guztia» irudikatzen saiatuko direla agindu zuen: «Ezkerreko abertzaleek egunez egun, hainbat eremutan egiten duten ahalegina eta inbertsio guztia indar elektoral bilakatzera goaz. Azken urteetan abertzaleok dinamika askotarikoan ari gara lanean, proposamen eta gogoeta ekarle gara. Izan arlo sektorialetan edo herri hau eraikitzen edo, mehatxatua delarik, defenditzen indar handiz ari gara. Potentzial eta indar sozial hori guztia boz kopuruan agertzea nahi dugu».
Bide horretan EHBaik hauteskundez hauteskunde Ipar Euskal Herriko panorama politikoan lortu duen tokia berrestea du helburu EHBaik: «Eskuin-zentro eta PSren gibeletik, hirugarren indar politikoa gara eta horrek ematen digun potentzialitatearekin eta erantzukizunarekin aurkezten gara», gaineratu zuen Lopepek.
Inplikatuenak
EHBairen hautagaiak ez zuen ezkutatu adierazitako guztiak «erronka handiak» direla eta agerraldiaren hastapenean azaldutako testuingurua kontuan hartuz, koalizioaren programak hainbat alternatiba lokal eta arloz arlokako proposamen zehatzak eskainiko dituela agindu zuen.
«Era horretan, ezker abertzalea alternatiba sinesgarria dela eta herritarren interesen defendatzaile amorratuena eta inplikatuena dela berretsiko dugu».
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako instituzio propioaren aldeko aldarrikapena EHBai-ren kanpainako ardatz nagusia izango da, euskararen estatus ofizialaren aldekoarekin batera.
La coalición adecuará su mensaje a la realidad propia de cada una de las tres circuncripciones electorales, siguiendo la fisolofía de adaptar las líneas programáticas globales a las problemáticas locales más específicas.
EHBai ha elegido un altavoz como símbolo para la campaña de las elecciones legislativas que se celebrarán el 10 y 17 de junio. La coalición quiere ser así portadora de las reivindicaciones de Ipar Euskal Herria en París. El lema -«Euskal Herriaren hitza Pariserat»- también refleja claramente esa intención.
«Deseamos llevar la voz de los ciudadanos vascos, la de aquellos que padecen la precariedad en el trabajo, la del agricultor que intenta sobrevivir en su explotación de montaña, la de quienes luchan contra el proyecto destructor del TAV o la de aquellos que reclaman una institución para Ipar Euskal Herria», manifestó Xabi Duhalde. A.M.