«Donostia Iparraldea» izeneko hitzarmena izenpetu dute, «muga psikologikoak» gainditzeko asmoz
Hogei kilometrok bereizten dituzte Donostia eta Ipar Euskal Herria, hogei kilometrok eta «muga psikologikoak», Euskal Kultur Erakundeko kideen iritziz. Muga hori ezabatzen lagundu nahi dute itun berri batekin.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Donostia Kulturak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, 2010ean izenpetu zuten mugaz gaindiko ituna sakontzeko eta egonkortzeko helburuarekin. Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkariak azaldu zuenez, itun horrek izan dituen emaitza onak eta elkarren arteko kidetzak sor ditzakeen aukera berriak ikusita, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin dagoen euskarazko kultur eskaintza hobeki ezagutzen saiatuko dira, eskaintza hori Donostia Kulturako egitarauan sartzen eta Donostialdean aritzen diren artistei ere Ipar Euskal Herrian beren lanak erakusteko aukera ematen.
«Donostia Iparraldea» izena du hitzarmen berriak eta lau ardatz ditu: alde batetik, ezagutza. «Administrazio mailan, eragileen artean lan egiteko moduak trukatu nahi ditugu eta horrela elkar hobeto ezagutu», adierazi zuen Txapartegik. Informazioa da bigarren zutabea: «Euskal Kultur Erakundeak bitartekaritza lana egingo du Iparraldeko artista eta elkarteen eta Donostia Kulturaren artean. Zentzu honetan, euskararen arloari dagokionez, EKE izango da Donostia Kulturarentzat Iparraldeko kultur eragilea». Gainera, animazioak, azpiegiturak eta dokumentazio baliabideak bilduko dituen plataforma komun bat eraikiko dute, komunikazioa errazteko.
Sortzeari garrantzia
Dena den, hirugarren ardatzari, sortzeari, eman nahi diote bereziki indarra. Izan ere, Txapartegik jakinarazi zuenez, Donostia Kulturak indar handiena hedapenean eta formakuntzan jartzen du, baina sorkuntza eta ekoizpen mailan «garapen eskasa» lortu dute orain arte.
Azkenengo zutabea sortutako kultura hori guztia hedatzea da. Argitu zutenez, Ipar Euskal Herriko artistak eta taldeak ohiko programazioan era arruntean integratu nahi dituzte, eskaintzak berak sor dezakeen interesaren arabera.
Hitzarmena gauzatzeko eta jarraipena egiteko lantalde edo batzorde bat osatuko dute Donostia Kulturako eta EKEko teknikariek. Jada iragarri zituzten lehendabiziko jarduerak: Asisko Urmenetaren eta Peio Etxekoparren inprobisatutako emanaldia ilustrazioekin; Beñat Achiary, Xabi Hayet eta Vivien Ingramsen performancea ahotsa, perkusioa, kontrabaxua eta dantza nahasiz; «Kantuketan» erakusketa soinuduna; eta Theatre des Chimeres konpainiaren «Otso!» antzezlana.
Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendariak orain dela 22 urte sortu zen eta Uztaritzen kokatua dagoen elkarte honen lanaren berri eman zuen. «Gure lana euskal kulturaren alde lanean ari direnei laguntzea da. Une honetan 130 bat elkarte kide ditugu eta, horretaz gain, sorkuntzan eta formakuntzan gure ekimen propioak egiten ditugu, besteekin lankidetzan beti», erran zuen.
Partaidetzak sortzea garrantzitsua da EKEkoentzat, proiektuak komunak izatea, ahal bezain ederrak eta erakargarriak. «Emeki-emeki hasi ginen, eta elkarlanean lan egiten ikasi dugu, hori da lehendabizi egin behar duguna. Guk egiten duguna hemen gehiago zabaldu beharko genuke, eta hemengoa han. Horretan ahaleginduko gara, Internetez eta beste sareen bidez kultur informazioa gehiago hedatzen. EKE baliabide iturri izaten ahal da euskal kulturaren alorrean eta baliabide iturri hori nahi dizuegu eskaini», azpimarratu zuen.
Adibidez, gazteei zuzendutako programa bat jarri dute abian euskal kultura biziberritzeko, eta hemengo gazteek ere parte hartzea nahi dute.