GARA > Idatzia > Kultura

Muguruzaren «Next music station: Lebanon» emanen dute L'Atalanteko dokumental jaialdian

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako L'Atalante zinegelak datorren martxoaren 28tik 31 arte ospatuko du aurten Rencontres sur les Docs dokumentalen jaialdia. Musika eta zinema, bi gaiok lotzen dituen pelikulak izanen dira gehienak.

Lau egunez proiekzio ugari izanen da eta, nazioarteko musika estilo ezberdinak ezagutzeko aukera emanen zaie ikusleei. Azalduak izanen diren dokumentalen artean, Euskal Herria Zuzenean jaialdiarekin egindako elkarlanari esker, Fermin Muguruza euskal kantariak egindako «Next music station: Lebanon» film berria zabalduko dutela jakinarazi duten antolatzaileek. Pelikula aurkeztearekin batera, Libanoko Malikah Rap kantariaren kontzertua izango da. Festibala, izan ere, Safina Bousbia zinemagilearen «El gusto» Aljeriako chaâbi musikari buruzko pelikularekin hasiko da. Aljerian 1920an arrakastatsua izan zen musika mota hori goraipatzeko, chaâbi musikarien kontzertua eginen da proiekzioaren egunean.

Erakusketa Space Junken

Egunez egun, gazte zein helduentzako hainbat proiekzio izanen da. «Je suis venu vous dire...» Serge Gainsbourg frantses kantariaren bizitzari buruzko pelikula, «Rock'n Love» rock musika aipagai duen dokumentala, «Kinshasa symphony» Afrikako orkestra sinfoniko bat goraipatzen duen dokumentala, eta, «Check-Point Rock» Fermin Muguruzaren Palestinari buruzko lehenengo pelikula agertuko dira, besteak beste.

Lau egun horietan, Santespirituko Santa Katarina karrikan kokatua dagoen Space Junk arte garaikideko galerian bost artistaren erakusketa izanen da. Margolariak izateaz gain, musikariak dira artistak, eta gaiari buruzko obrak azalduko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo