GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Bizitza? Baina, norena?

Nahigabean, telebistako kanalak azkar batean pasatzen ari nintzela egin nuen topo asteburuan Madrilen «bizitzaren alde» egiten ari ziren manifestazioaren irudiekin. Hitz gutxitan esateko, manifestariek ahotan zerabilten mezu nagusietako bat honakoa zen: Nahigabean haurdun geratu bazara, «hor konpon!». Noski, ez zituzten hitz horiek erabili; «amatasunari» eta «bizitzari» egiten zioten gorazarre, baina mezua, horixe.

Beti deitu izan didate atentzioa gisa horretako protestek. Bizitzaren alde egiten dutela diote, baina zeinen bizitza? Ez behintzat haurdun geratu eta haurdunaldiarekin aurrera egin nahi ez eta trabak baino topatzen ez dituenarena; haren hitza eta erabakiak ezer gutxi balio du, antza, euren burua «bizitzaren aldeko» elkarte gisa bataiatzen duten horientzat. Eta gainera, «nik horrela uste dut eta kitto!»; hori da euren jarduteko modu nagusia. Zapateroren Gobernuak bultzatu zuen legearen aurka aritu ziren manifestariak, hura onartu zenean feministek egin zuten moduan; gehiegi batzuentzat, horrenbeste denbora itxaron eta ahula eta emakumeen eskubideak aintzatesten ez zituena, berriz, besteentzat. Kontua da gobernu aldaketak berriz ere mahaiaren gainean jarri duela gaia. Egin eta desegin. Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministro espainolak kargua hartu bezain laster agerian utzi zuen bere intentzioa. Bere hitzetan, izan ere, emakume batek duen eskubide nagusia amatasunarena da, eta hori, bere ustean, beste ezeren gainetik babestu behar da. Antza, bere iritziz, emakumeen aurkako indarkeria estrukturalak ama izan nahi eta kontrako jarrerak jasotzen dituzten emakumeei erasotzen die, batez ere. Eta hori guztia esan, eta lasai asko gizona, ileko kizkur bakar bat mugitu gabe.

Ados nago, ama izatea erabakitzen duen emakumea babestu behar dela, hori bada bere nahia eta erabakia; baina modu berean babestu behar da haurdun geratu eta haurdunaldiarekin ez jarraitzea erabakitzen duena, hori bada bere nahia eta erabakia. Beste ezeren gainetik, norbere hitza eta erabakia aske adierazi eta errespetatua izatea dagoelako eta hori delako, hain justu ere, Gallardon jauna, emakumeen aurkako indarkeria estrukturalak eta haren morroiek gehien kolpatzen dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo