GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Eneritz Esteban Cuevas Arrotxapeako Euskalgintza

Arrotxapean euskarazko Haur Eskola eta Institutua ja!

Aurtengo ikasturtean Iruñeko Arrotxapea auzoan euskarazko murgiltze ereduan (D eredua) 3 eta 12 urte arteko 755 ikaslek ikasten dute, hau da, auzoko sare publikoko ikasleriaren %40k. Portzentaje honek haur eskoletan eta Bigarren Hezkuntzan euskarazko sare publikoan dauden matrikulen portzentajearekin talka egiten du nabarmen, bi kasuetan %0 delako, eta ez eskari faltagatik hain zuzen ere, baizik eta eskaintzen ez delako.

Auzoan hiru haur eskola publiko ditugu -bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta bat ere ez euskaraz-. Haur eta Lehen Hezkuntzako sare publikoan gaztelaniazko ereduan ikasketak egiteko aukerarik ez badago, ez du zentzurik bi haur eskolak eredu hau eskaintzea. Ez al litzateke zentzuz- koagoa gutxienez batek matrikulak euskaraz eskaintzea?

Bigarren Hezkuntzan Arrotxapea auzokoa ezohikoa jo daiteke, eskandalagarria ez erratearren. XXI. mendean bete-betean sartuta, 25.000 bizilagun baino zertxobait gehiago duen auzo batean Institutu publikorik gabe egotea ez da planifikazio txarraren fruitua, planifikazio doilorrarena baizik. Eskola Publikoko D ereduko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Biurdana Institutura joan behar dute, auzotik kanpo kokatuta dagoena, eta, gainera, 2013/2014 ikasturtetik aurrera espazio arazo handiak izanen dituena.

Beraz, Jose Iribas jauna (Hezkuntza kontseilaria) eta Fermin Alonso jauna (Hezkuntza eta Kultura zinegotzia), ebidentzia matematikoagatik eta Euskararen zuen Legea betetzeagatik (askori bidegabea iruditzen zaiguna) besterik ez bada ere, justizia egin eta gure auzoari merezi duena eta gutxienez %40k eskatzen duena emateko galdu ezin duzuen aukera duzue (ez ahaztu guztientzat gobernatu behar duzuela, botoa ematen ez dizuetenentzat barne).

Arrotxapeako Euskararen Astea martxoaren 25etik 31ra eginen da. Etorri eta parte hartu ekitaldietan, gure hizkuntzarentzat berdintasunezko tratua eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo