GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Andaluzia: garaipen pirrikoa, PPren porrot handia

Andaluziako PPko hautagai Javier Arenasek, bart, «garaipen historikoa» aldarrikatu zuen bere alderdiaren egoitzako balkoitik. Kuriosoa da garaipen bat porrot pertsonal handiena nola bilaka daitekeen ikustea. Baldintza hoberenetan ere -langabeziaren errekorra, sozialisten desgastea, EREak, kokaina eta ustelkeria- ez du PSOEren gobernua eragoztea lortu. Inkesta eta pronostiko guztien kontra, ongi eutsi dio PSOEk eta ikusgarri igo da IU. Okerrik ez bada, hortaz, Andaluziako Junta zuzenduko dute. PPren porrota, hauteskundeak irabazi arren, porrot bat baino gehiago da. Abisu oso serioa da. Are Asturiasko hauteskundeetan hirugarren indarra izanik.

PPrentzako, Andaluziako garaipen pirrikoa eta Asturiasko emaitza kaskarra hauteskunde orokorretan gehiengo oso nabarmena eskuratu eta lau hilabetera gertatu dira. Tarte horretan ikusi ahal izan da PPren errezeta: herstura ekonomikoa, muturreko eskuinaren neurriak, zentralismoa eta autoritarismoa. Greba orokorrerako hiru egun falta direnean, min emango dion zaplaztekoa jaso du. Ez dirudi, ordea, lezioa ikasi eta beste bide bat esploratzeko ahalegin handirik egingo duenik. Andaluzia eta Asturiaskoak igarota, hauteskunde berririk gabeko horizontean, gehiengo osoaren zapalgailua aterako du. Ez du jada disimulatu beharrik. Are, disimulatzeak garaipena ez dakarrela ikusi eta gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo