GARA > Idatzia > Kultura

Musikaren inguruko esperimentazioa nagusi Bilboko Alondegian

Bilboko Alondegiaren «Ex» egitarauaren bigarren monografikoak musika ardatz duten hainbat adierazpen artistiko azalduko ditu martxoaren 29, 30 eta 31n. Ekitaldi gehienak doakoak izango dira.

p043_f01_149x89.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Alondegiaren «Ex» egitarauaren bigarren monografikoak, «The Side Show: Musika ezkutuan», musika ardatz duten hainbat diziplinara gerturatuko gaitu martxoaren 29tik 31ra. Asmo ludikoa eta pedagogikoa nagusi izango delarik, neurri zein ikuspegi ezberdineko ikuskizunak egongo dira; hala nola, performanceak, tailerrak, kontzertuak, instalazioak eta jarduera pedagogikoak. Aurreikusita dauden 18 ekitaldietatik 13 dohainik izango dira.

«Ex» egitarauaren aurtengo bigarren monografikoa dugu «The Side Show: Musika Ezkutuan», mota guztietako ikusleak musikara eta gainontzeko ikus-entzunezko diziplina artistikoetara hurbiltzeko asmoz osatua, lehen esan dugun legez, alde ludikoak garrantzi handia duela.

Ekitaldiak eraikineko eremu ezberdinei lotuta daude, hots, eremuak beraiek dakartzaten aukera anitzak ikuskizunen parte izango dira. Atariak, esaterako, kontzertu gehienak (Pierre Bastien, Xabi Strubell, Travis, Neopercusión) eta instalazioak hartuko ditu. Bastida aretoan, berriz, Luis Paniagua musikari madrildarraren tailerra eta kontzertua izango dira. Bestalde, bertan dauden Golem zinema- aretoetan musikaren gaineko hiru ezohiko filmek, orain arte ikusi gabekoek, osatutako «Across the other music» (Bestelako musikan zehar) zikloa eskainiko dute.

Euskal presentzia

Ez dira faltako monografiko honetan euskal artistek sortutako ikuskizunak. Horrela, larunbatean, 18.00etan, Dut taldeko partaide ohi Xabi Strubellek umeentzako ipuinak eta ohiko euskal kantak oinarri dituen ikuskizuna aurkeztuko du atarian. Betiko kantak diren arren, Strubellek ukitu garaikidea ematen die, bossanova edota jazza erabiliz. Strubellek berak «Watermelon» proiektu berria ekarriko du gurera larunbatean bertan, 21,00etan.

Bilbon finkatutako Travis estatubatuarrak umeentzako «Light waves» ikuskizun-tailerra ekarriko du larunbatean, 17.00etan.

Interesgarria, Amparo Badiolak eta Nick Burgek garatuko duten «Entretanto Entretenidos» soinu-instalazio interaktiboa. «Sei kutxa ditugu; aldi berean, plataforma eta instrumentu diren kutxak», azaldu zuen Badiolak atzoko prentsaurrekoan. Ikuskizuna ez dago publiko mota zehatz bati begira eginda: «Kutxa guztiak ezberdinak dira; bakoitzak bere soinua dauka. Helburua da kutxak erabiltzea, horiekin jolastea, garrantzitsuena soinu bakoitzarekin egin ahal duguna delako. Bizirik dagoen prozesua dugu hau».

Ikuskizun guztiak arratsaldez izango dira eta lehenbizikoak 17.00etan hasiko dira.

Filmak 20.15ean emango dituzte, 4 euroko sarreraren truke.

Ordainpekoak izango dira ostiraleko Luis Paniaguaren «Nuevas músicas ancestrales» ikuskaria eta «Ahotsa, soinua, isiltasuna, arnasa, meditazioa» tailerra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo