Ekintza ugari antolatu ditu Bizkaiko Aldundiak bonbardeketen urteurrenean
M.P | DURANGO
Bizkaiko Aldundiak bonbardaketen 75. urteurrenaren karietara antolatu duen programa aurkeztu zuen atzo. Bi ekitaldi nagusi izango ditu: Durangon hil honen 30ean egingo dena, eta apirilaren 20an Gernikan izango dena.
Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok eta Durangoko alkate Aitziber Irigorasek (EAJ) aurkeztu zuten ekintza sorta. Horien alboan izan zen Egoitz Rodriguez ere, «Zerutik sua dator!» dokumentalaren zuzendaria.
Dokumentala bera izango da bi ekitaldien ardatza. Ostiral honetan ekitaldia Durangoko Andra Mari elizako arkupean egingo da. Martxoak 31 taldearen «Aspaldiko negu batean» abestiak irekiko du ekitaldia.
Durangoko eta Durangaldeko hainbat herritako (Otxandio, Elorrio, Abadiño, Galdakao, Zornotza, Elorrio, Berriz,...) kideei emango diete ahotsa horren ondoren, hain zuzen, euren herrietako memoria historikoaren inguruko proiektuak aurkez ditzaten.
Ikuskizun narratiboak ere izango du tokia Aldundiaren programan. Bonbardaketen zenbait lekukok ezbeharrari buruzko testuak irakurriko dituzte, musikaz lagunduta.
Gernikako ekitaldian, zein den jakinarazi ez duten kazetari batek gidatuko du saioa, bonbardaketa gertatu ostean informazioa zabaltzen egin zuten lana azpimarratzeko.
Diziplina anitzeko ikuskizuna izango da, musika, dantza, pintura eta irudi historikoak batuko dituena, narrazio formatuan. Oreka Tx-ek izango du ekimenari musika jartzeko ardura eta dantzak Kukai taldearen esku izango dira.