Deiadarraren antolatzaileek hautagaiak interpelatzeko baliatuko dute boz garaia
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak presidentetzarako hauteskundeen garaia baliatzeko asmoz trenkatu zuten datorren larunbateko Deiadar manifestazioaren data. Baionan ez ezik, Estatuko beste bederatzi herritan ere hizkuntza gutxituen ofizialtasuna eskatuko dute.
A.M. | BAIONA
Aspaldi finkatutakoa da datorren larunbatean euskararen alde Baionan egingo den Deiadar manifestazioa. Izan ere, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak Errepublikako presidentea hautatzeko boz-garai bete-betean burutzea nahita hautatu zuten. Era horretan, Estatu frantseseko hizkuntz gutxituen inguruan hautagaiak zuzenean interpelatzeko parada ezin hobea izango delakoan daude.
Gainera, atzo bergogoratu zutenez, hizkuntzen ofizialtasuna eta lege babesa eskatzeko deiadar hori ez da soilik Baionako karriketan entzunen. «Hemengo manifestazioaz gain, beste mobilizazioak ere egitekoak dira bederatzi hiritan. Poitiers, Lille, Metz, Annecy eta Estrasburgon lehen aldikoz manifestazioak eginen dituzte; Ajaccion, berriz, giza-katea eta Perpinyan lip dub erraldoi bat egingo dute. Tolosako eta Quimperreko manifestazioak oso jendetsuak izango direla aurreikusten dute», adierazi zuen Peio Jorajuriak.
Erakustaldi handia
Kontseiluko buru Paul Bilbaok «gure herrian gure hizkuntzan bizi nahi dugula aldarrikatzeko indar erakustaldi handia» egiteko premia nabarmendu zuen: «Tamalez, kalera atera beharko dugu berriro eskubide horiek exijitzera. Oso garrantzitsua da mobilizatzea eta Baionako manifestazioan parte hartzea, hemen euskaraz bizi nahi duten herritarrak badirela argiki erakutsi behar dugu».
Ildo beretik, Mixel Oronoz Euskal Konfederazioko lehendakariak dagoeneko bost Deiadar egin direla gogoratu zuen: «Ea seigarren hau azken manifestazioa dugun. Larunbatekoak erabakigarria izan behar du».
Antolatzaileek adierazi zutenez, atxikimendu ugari biltzen ari dira. «Sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkariek sostengua helarazi digute», esan zuen Sebastien Castetek, eta UMPko Max Brisson, Kontseilu Nagusiko buru Georges Labazee (PS), Jean Lassalle diputatua eta Jean-Renee Etchegaray Baionako zinegotzia (MoDemekoak biak), Frantxoa Maitia EEPko lehendakaria, NPA, Europe Ecologie-Berdeak, alderdi abertzaleak, CFDT eta LAB sindikatua, Batera plataforma, Herrien Arteko Sindikatuak, Auzapezen Biltzarra, ARF (Frantziako Erregioen Elkarteak), Ikas-Bi edota Euskaltzaindia bera aipatu zituen. Front de Gauche koalizioak gaur jakinaraziko du larunbateko mobilizazioarekiko duen jarrera.
Arratsaldeko bostetan eman dute hitzordua Baionako Xaho kaian. «Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat» lelopean, Estatuko beste bederatzi hiritan ere ofizialtasuna aldarrikatuko dute.