Etxepare Institutuak Koldo Mitxelena eta Eduardo Chillida katedrak sortu ditu
GARA | DONOSTIA
Etxepare Euskal Institutuak Koldo Mitxelena eta Eduardo Chillida katedra berriak sortu ditu. Lehena apirilaren 11n hasiko da Chicagoko Unibertsitatean, eta Ipar Amerikako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea izango du xede. Ikasturte bakoitzean entzute handiko euskal irakasleren bat arituko da bertan, lauhileko batez Chicagoko Unibertsitatean eskolak ematera, eta lehena Euskal Herriko Unibertsitateko Fonologiako katedradun Lourdes Oñederra izango da.
Udazkenean, berriz, euskal artearen inguruko Eduardo Chillida Katedra zabalduko du Institutuak Frankfurteko Goethe Unibertsitatean. Katedrak Frankfurteko Artearen Historiaren Institutuan izango du egoitza, eta bertako Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, erreferente izango da haren obra ikertuko dutenentzat.