GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Binakakoa

Donibane Garazin ikusi zituzten aurtengo lehiaketako partidarik ederrenak eta orekatuenak

Jon LEUNDA

Berezkoen Binakako Txapelketako partidarik onenak ikusi ziren atzo Donibane Garazin. Bertaratu ziren zaleak pozez zoratzen atera ziren trinketetik, ikusitakoa oso ona izan baitzen. Antolatzaileak ere oso kontent atera ziren, jendea harmailetara eramateko horrelako partidak behar baitira.

Lehen neurketan Alfarok eta Etxetok 40 eta 30 irabazi zieten Etxeberriri eta Lanberti, 73 minutuan pilotan aritu ostean. Norgehiagoka oso polita izan zen, nahiz eta gakoa partidaren erdian egon zen. Orduan, irabazleek 11-3ko partziala sartu zuten, eta 18-16 egotetik 29-19 egotera pasatu ziren.

Saketik 6 tanto egin zituen Alfarok, eta 7, Etxeberrik. Jokoan 24 egin zituzten irabazleek eta galtzaileek, berriz, 7. Galdu, 12 eta 10 galdu zituzten. Markagailuak hauek erakutsi zituen: 2-0, 2-2, 6-2, 9-9, 15-15, 18-16, 29-19, 37-23 eta 40-30. Garaipen honi esker, Alfarok eta Etxetok final-laurdenak jokatzeko urrats garrantzitsua egin zuten, nahiz eta oraindik ez dagoen erabakita.

Bigarren partida, berriz, gutxitan bezalakoa izan zen, eder horietakoa. Biellek eta Ozafrainek 40 eta 37 irabazi zieten Larretxeari eta Jannotsi, 99 minutuan pilotan aritu ostean. Emaitza honi esker, Biellek eta Ozafrainek finalerdiak jokatzeko txartela esku-eskura dute. Jokatutako bi partidak irabazi dituzte.

Lehen tantoan berdindu ostean, irabazleak aldeak ateratzen hasi ziren, eta azkar jarri ziren 8-1 irabazten. Neurketa fite joango zen itxura hartzen hasi zen, baina ez zen horrela izan, neurketak gogortzera egin baitzuen. 16-16 berdindu ostean, sekulako oreka izan zen, eta azken kintzera bitarte ez zen ezer erabaki. Azkenean, Jannotsek galdutako pilotetan egon zen gakoa; hortxe erabaki zen lehia.

Saketik, 10 tanto egin zituen Biellek, eta bat gutxiago Larretxeak. Jokoan egindakoak 13 eta 21 izan ziren, eta galdutakoak, berriz, 7 eta 17. Markagailuak honakoak erakutsi zituen: 1-0, 1-1, 8-1, 13-7, 16-9, 16-16, 17-17, 19-19, 27-21, 29-30, 31-31, 33-33, 35-35, 37-35, 39-36 eta 40-37. Datorren asteburuan Itsasun eta Azkainen izango dira norgehiagokak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo