GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Debagoiena, Kooperatiben eremua

Kooperatibak geldi, inoiz grebak izandako jarraipen handienean

Arrasate eta Oñatiko kaleak greba orokorrak jaso duen babesaren erakusle argi bihurtu ziren atzo. Bailara honetan inoizko daturik onenak jaso ziren eta herri mobilizazioa ere oso esanguratsua izan zen.

p014_f04.jpg

Iraia OIARZABAL

Isiltasuna eta lasaitasuna nagusi ziren atzo Arrasaten, egunak argitu zuenean. Greba orokorraren deialdiak oihartzun handia izan du Debagoieneko bailaran; izan ere, kooperatiba eta enpresa nagusiek bat egin zuten grebarekin. Saltoki eta taberna gehienek ere ez zituzten ateak ireki, lan erreformaren aurkako grebari babesa emanez.

Grebalariak goizean goizetik hasi ziren martxan, lehenengo zita 08.00etan zegoen jarrita pikete informatiboak egiteko asmoz. Ez zuten lan askorik izan ordea, lantegi gehienak itxita baitzeuden. LABek eskainitako datuen arabera, Fagor kooperatibako lantegi guztiek egin zuten greba.

Gainera, azken lau urteetan izandako grebekin alderatuz, atzokoak inoiz baino babes handiagoa lortu zuen. Konparaketak eginez gero, aldea nabarmena da zenbait kasutan. Adibidez, 2009ko greba orokorrean, Fagor Automation enpresako langileen %30ek babestu zuten deialdia. Aurten, %74k. Antzeko datuak azaltzen dira gainontzeko enpresetan ere. Fagor Electronica-n langileen %29k bozkatu zuten 2009ko grebaren alde; atzokoak, aldiz, %73ren babesa jaso zuen. Eskualdeko beste zutabe garrantzitsu batzuek ere itxi zuten, Eroski eta JMA kasu. Kooperatiben mundua geldi zegoela nabarmendu zuen ELAk, eta berri garrantzitsutzat jo zuen.

Banketxeek grebarik ez

Bestalde, Oñatin denda eta taberna guztiek itxi zuten, soilik kaletik pasieran zebilen jendea ikus zitekeen. «Ez zegok mugimendu handirik. Badakik, greba», hori zen herritarren ahotik entzuten zena. Banketxeek baina, ez zuten greba egiteko asmo handirik. Caja Rural, Banco Sabadell Gipuzkoano, BBVA eta La Caixa irekita zeuden goizeko lehen orduetan. Piketeak pasa bezain pronto jaitsi zuten pertsiana guztiek.

Herriko enpresa nagusiek ere greba egitea erabaki zuten, Fagor eta Zahor-ek esaterako. Beste lantegi batzuetan ordea, zenbait langile lanera joan ziren. Ulma izan zen horietako bat eta istilu larririk izan ez bazen ere, pikete informatiboak agertu zirenean bertako gazte bat identifikatu zuen Ertzaintzak. Lana eta Lantegi Batuak enpresetan ere behargin batzuk lanera joan ziren. «Elbarritasuna dela-eta 700 euro bakarrik kobratzen ditugu eta gaur lanera ez bagatoz, oraindik gutxiago izango da», argudiatu zuten.

Enpresa eta saltokiek emandako babesaz gain, herritarren erantzuna ere irmoa izan zen. Eguerdirako deituta zegoen manifestaziora joan aurretik, herritar ugari Ertzaintzak atxikita zituen hamar gazteri babesa ematera joan ziren. Identifikatu ostean, gazteei joaten utzi zien Poliziak. Ostean dozenaka herritar manifestazioan irten ziren, murrizketen aurka ozen oihukatuz: «Ezin ditugu 50 urtetan lanean lortutako eskubideak galtzen utzi».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo