Promozio Txapelketa
Iñaki Izaren zorigaitzak, bata bestearen atzetik
Bizkarreko hernia osatzen zeukala, ospitalera eraman zuen birus bat gainditu berri du Zornotzakoak.
Jon ORMAZABAL
Tunelaren amaiera askoz gertuago ikusten duen arren -atzo kalera ordubete inguruko osteratxoa egitera irteteko moduan egongo zela uste zuen- benetako kalbarioa pasatu du Iñaki Iza zornotzarrak azken asteetan. Izan ere, pilotariengan ohikoa diren eskuko minak gainditu ostean, bizkarreko hernia agertu zitzaion, eta min hori osatzeko prozesuan zela, ospitalera eraman zuen foku ezezaguneko birus batek eragindako buruko min eta sukarra batu zitzaizkion. Halakoak sekula ez dira momentu onean etortzen, baina Bizkaiko atzelariari bere ibilbideko unerik onenetako batean etorri zaizkio, joko bolada bikain batean zegoenean eta Mikel Urrutikoetxearekin Promozio Txapelketa irabazteko faboritoetako bat zenean.
Bilbon, otsailaren 25ean jokatu zuen azkeneko partida Iñaki Izak -11-22 galdu zuten Jaunarenaren eta Cecilioren aurka- eta ordutik medikuetan eman du berak frontoian nahiago zukeen denbora. Aurretik ere, urtarrilaren amaieran hiru jardunalditan ezin izan zuen jokatu eskuko mina zela-eta, baina benetako arazoak seigarren jardunaldian etorri zitzaizkion, Gorka-Arrutiren aurka jokatu beharreko lehia prestatzen ari zela, entrenamendu batean, bizkarreko min handia hasi zitzaionean.
Mediku azterketek diskoan hernia txiki bat zuela erakutsi zuten, baina min hori sendatzeko tratamendua ere ezin izan du behar bezala egin, bat-batean, egundoko sukarra -40 gradura ere iritsi zitzaion- eta buruko min izugarria hasi baitzitzaion eta onera egiten ez zuenez, ospitalean egun batzuk eman behar izan zituen.
Birus bat
«Batak ez du bestearekin inolako zerikusirik izan. Zornotzan jende dezente egon da nire antzera, sukar handiekin eta. Ingresatuta egon nintzenean, proba pilo bat egin zizkidaten, baina ezin zuten asmatu nondik zetorkidan hau guztia. Antza birus batek eragindakoa da, baina ezin zuten fokua topatu. Pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan naiz», azaldu zion GARAri dagoeneko etxean eta sukarrik gabe hainbat egun pasatu dituen Iñaki Iza atzelariak.
Hasierako sustoa eta oinazeak gaindituta, txapelketa etxetik ikusi beharrak egiten dio min. «Izan ere, dena momentu txarrenean heldu da. Joko bolada onean nengoen, oso gustura ari nintzen jokatzen, Mikel -Urrutikoetxea- laguna dut, oso ondo moldatzen gara elkarrekin eta hori nabaritzen da. Gainera, txapelketan zerbait polita egiteko aukerak genituela uste dut eta esperantza handiak genituen jarrita Promozio honetan».
Baina denetik ikasten omen da zerbait eta Iñaki Izak ere izan du bere leziotxoa egun hauetan. «Gauzak erlatibizatzen eta benetan garrantzitsuena den hori baloratzen ikasten duzu. Horren ondo zaudenean, zuri halakorik ezin zaizula pasatu pentsatzen duzu, eta horregatik, ondo zaudenean topera disfrutatzen ikasi beharra daukagu», azaldu zuen kantxara itzultzeko desiratzen ari den pilotariak.
Bitartean, argi dauka, Mikel Urrutikoetxea eta bere lekua hartuko duen Ibai Zabala animatzen arituko dela. «Argi daukat eurek irabaztea nahi dudala eta topera joango naiz eurekin. Puntako bikotea osatzen dute, biak erreferenteak dira euren postuetan bigarren mailan eta elkarrekin ondo moldatuz gero, aukera asko dituzte txapela janzteko nahiz eta erraza ez den izango». Olazabal eta Larrinaga ere oso goian ikusten ditu Asegarceko atzelariak.
40 graduko kalenturarekin eta buruko min handiarekin ospitalean hainbat egun eman ostean, badira egun batzuk Iza etxean dela, sukarrik gabe, eta kalera irteten ere hasia behar luke Zornotzako atzelariak.
Kantxan egoteko modurik izango ez duenez, argi dauka Mikel Urrutikoetxea eta Ibai Zabala, bere ordezkoa, «topera» animatuko dituela. Bikoteak txapela irabazteko aukera sendoa duela uste du.
Astebeteko atsedenaldiaren ostean, gaur ekingo diote Beasainen, Promozio Txapelketako finalerdietako ligaxkari, Olazabal-Larrinaga eta Urrutikoetxea-Ibai Zabala bikoen arteko partidarekin.
Lehen mailako txapelketan gertatzen ez den bezala, enpresen arteko lehia batekin hasiko da ligaxka eta oso partida orekatua izatea espero dute gaur Antzizarren. Batetik, lehen fasea lehen postuan amaitu zuten Olazabal-Larrinaga bikoa arituko da, eta bestetik, hirugarren amaitu zuten Urrutikoetxea eta Iñaki Izaren lekua hartuko duen Ibai Zabala.
Aspekoek bi partida baino ez dituzte galdu orain arte -sekulako astindua eman zieten Jaunarenak eta Ceciliok estreinaldian eta Bartzelonan gaurko aurkarien kontra 20-22- eta sekulako mailan ari dira. Larrinaga jotzaile handi bat bezala ari da eta Olazabal oso ondo moldatzen ari da errematean.
Bikote bizkaitarra, aldiz, txapelketa gorabeheratsua osatzen ari da, arazo fisikoen erruz, baina, ondo egonda, edonori irabazteko gaitasuna dute, eta horregatik ez da gaurko partidarako faborito garbiegirik ikusten. J.O.