GARA > Idatzia > Kultura

Sarako Idazleen Biltzarrak Berzaitz eta Jakintza elkartea sarituko ditu

Ehun bat idazle elkartuko dira, berriz ere, apirilaren 9an, Sarako kiroldegian izango den Idazleen Biltzarraren 29. edizioan. Bertan liburu aurkezpenak egiteaz gain, Pier Paul Berzaitz kantaria eta Jakintza historian eta ondarean aditua den Ziburuko elkartea sarituko dituzte.

p053_f01_148x104.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Apirilaren 9an Saran egitekoa den Idazleen Biltzarra oparoa izango dela adierazi zuten atzo antolatzaileek. Urtero, Pazko Astelehenean, mila literaturzaletik gora bertaratu ohi dira, eta aurtengo 29. edizioko Biltzarrean berezitasunak aurkituko dituzte: batetik, banatuko diren sarietan; eta bestetik, aurkeztuko diren liburuetan.

Bi urterik behin Idazleen Biltzarrak saria banatzen du Saran, kulturan eta historian aditua den elkarte edo pertsona bat goraipatuz. Aurten Pier Paul Berzaitz kantaria eta Jakintza Ziburuko elkartea sarituko dituzte. Pantxoa Etxegoien Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak azaldu zuenez, Berzaitz kantari, musikari eta idazlea da. «Aurten `Amaiur' izeneko ikusgarri berria lantzen ari da. Sortzaile bezala, saritua izatea merezi du». Jakintza elkarteari dagokionez, euskal ondare eta historia arloan egiten duen lana goraipatu nahi dute saria emanaz.

Liburu aurkezpenak

Urteko literatur uzta biltzea helburu duen Idazleen Biltzarrak aurten «inoiz baino liburu aurkezpen gehiago» izango ditu. Arratsaldeko hiruretatik goiti, hamabi liburu berriren aurkezpena egingo dute. Daniel Landarten «Ahularen indarra», Rosa Arburuaren «Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean», Maritxu Lopeperen «Biharko Lurraren Hazia» edo Thierry Truffauten «Vers un inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la provence du Labourd» dira, besteak beste, bertan aurkeztuko diren lanak. Elkar argitaletxeak gazte idazle bati eskaintzen dion Gazteluma sariaren aurtengo irabazleak ere liburua aurkeztuko du Saran. Aurten, Peio Jorajurriak izan du saria, «Otalatz» izeneko lanari esker. Horiek horrela, Biltzarra hitzordu «garrantzitsu» bat izango dela nabarmendu zuen Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak. «Iparraldearentzat hitzordu garrantzitsua da bertan biltzen baitira argitaletxeak eta idazleak», berretsi zuen Etxegoinek.

Irakurleek idazleekin hartu-emanean ibiltzeko aukera ere izango dute, bertan bilduko baitira ehun bat egile. Horiekin batera, beste hogei bat elkarte eta argitaletxe izango dira.

Goizeko hamarretan zabalduko ditu ateak Biltzarrak Sarako kiroldegian.Ondotik, Euskaltzaindiak lau liburu aurkeztuko ditu, eta Eusko Ikaskuntzak urteroko bekak banatuko dizkie hamalau bat ikasleri.

Biltzarraren bezperan, elizan, Jean Bordaxar laukotea, Saiberri taldea eta Iñaki Gerendiain kantaria arituko dira elizan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo