GARA > Idatzia > Kultura

«Amateurismoaren aldarrikapena da gurea, `Do it Yourself' filosofiarena»

p057_f01_194x128.jpg

Koldo Almandoz

Gora Gora Kids taldeko baxua eta ahotsa

Gora Gora Kids taldeak disko berria argitaratu berri du egunotan. «Horror Songs» izenburupean datorren lan txiki honetan, beldurrezko filmak, mamuak eta zonbiak aipatzen dituzten lau kantu topa daitezke. Diskoaren titulua ikusita bestela dirudien arren, gitarra doinuak eta erritmo dibertigarriak dira nagusi binilo formatuko lan ederrean.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Gora Gora Kids izenaren azpian musika maite duten lau lagun biltzen dira: Xabier Sagardia (gitarra eta ahotsa), Igor Astigarraga (gitarra eta ahotsa), Koldo Almandoz (baxua eta ahotsa) eta Arkaitz Villar (bateria). 2008an abiatu zuten musika egitasmoa, eta bidean, zenbait kontzertu eta «Uaouh, Miau & Yeah! Vol.1» diskoa kaleratu dute. Egun, binilo formatuko «Horror songs» disko txikia aurkezten ari dira, auto-ekoizpen bidez kaleratu duten estudioko azkeneko emaitza. Beldurrezko filmak, zonbiak eta mamuak dira lan berriaren ardatz nagusia, erritmo azkarreko kantu dibertigarriak bilduz. Diseinu erakargarriko lana da, komiki erako azala eta kontrazala du, Pablo Quebrantahuesos artistaren sorkuntza lan ederra.

Musikalki, koktelera bitxia da taldeak jorratzen duena. Nagusiki garaje eta surf giroak lantzen dituzte, 60ko hamarkadako rock&roll musikaren eragin nabariaz. Koldo Almandoz taldeko baxu-jotzaileak azaldu dizkigu diskoko sekretu guztiak.

Disko tematiko bat osatu duzue beldurrezko filmak, zonbiak eta mamuak erreferentziatzat hartuta.

Lehendabiziko diskoa egin ostean, kantu berriak lantzen hasi ginen, eta konturatu gabe, ia denak aipatutako beldur eta «B seriearen» inguruko gaiak jorratzen zituztela konturatu ginen. Eta hala ez zenean ere, berehala hartzen zuten kutsu bizarro samarra. Gai bereko kantuak genituela jabetu eta binilozko lau kantuko single bat egitea pentsatu genuen. Pentsatu eta egin. Akzio gizonak gara!

Taldean nabaria da «B serieko» filmen eragina. Zenbait kantu, afixak, aipamenak, mozorroak.... Kantuak egiteko abiapuntu polita da.

Azken finean taldea ere halakoa da: B seriekoa. Ez genuen traszendentala izango zen ezer egin nahi. Guk rock&roll-garajero-punk-primitiboa egiten dugu. Bai guk, eta bai entzule eta ikusleek ongi pasatzeko eta dantzatzeko musika egin nahi dugu. Abiapuntu bat izateak beti motibatzen du. Eguberritako single bat egitea ere gustatuko litzaiguke.

Diskoak «Horror Songs» izena badarama ere, erritmo dibertigarriak dira bertan azaltzen diren ia guztiak.

Bai hala da. Izenburua EP tematikoa egitea otu zitzaigulako jarri genion, eta bide batez, talde gisa ere «horrore» bat garelako. Aurreko diskoan bezalaxe, ez genituen 2 minutu ere eman izenburua adosteko.

Biniloan dauden lau kantuak apenas dute hitzik. Musikaren bidez saiatu zarete istorioen nondik norakoak islatzen.

Berez ez ziguten hitz gehiagorik eskatzen. Oso intuitiboak gara. Ez ditugu hitzak gehiegi lantzen, gure talentu natural itzelean sinisten dugu. Entseatzen dugunean burura etortzen zaizkigun hitzekin eta «uatxu-uatxuekin» egiten dugu aurrera. Gainera, hitz gehiegi dago. Hitzak nonahi. Dena hitzez beteta dago eta hitzak haizeak eramaten ditu.

Musikalki, aurretik abiaturiko garaje eta surf doinuetan sakondu duzue. Gitarren presentzia handia da lan honetan.

Bai. Garbia eta zuzena izatea nahi genuen. Zuzenean jotzen dugunetik gertu dagoen soinua bilatu dugu. Aurreko lanak zuen ukitu beltzagoa alde batera utzi dugu EP hau moldatzerakoan, eta oraingoan rocka baino rolla egin dugu. Baina nork daki etorkizunean zer egingo dugun... Oso originalak gara, eta edozein berrikuntzarekin etor gintezke... techno-rumba bat, Laboari omenaldi bat...

Gora Gora Kids taldea bitxia da, gero. Ohikoan, musika taldeak gaztaroan sortzen dira, edo aurretik beste musika egitasmoetan ibilitako musikariez osatu. Zuek, alta, nahiko berandu eta aurrez esperientzia askorik gabe sortu duzue taldea.

Igorrek eta Xabik jo dute beste talde batzuetan, eta urteak daramatzate instrumentuak astintzen. Beti esaten dugu 17 urterekin egin ez genuena orain ari garela egiten. Horrek abantaila bat du. Argi daukagu zein den gure maila eta gure tokia. Amateurismoaren aldarrikapena da gurea. «Do it Yourself» (egizu zuk zeuk) filosofiarena. Ez dugu ezertarako presarik ez espektatibarik. Garaje batean entseatzen duen musika talde bat gara. Edozein tokitan eta edozein kondiziotan jotzen duena. Edo bat-batean, «kableak gurutzatu» eta backstage-an fruta exotikorik ez badago, jotzen ez duena. Adinak desabantailak ere baditu. Sexua, drogak eta rock&rolla, hirurak batera behintzat, ez ditugu apenas praktikatzen.

Goazen kantuz kantu: «Mamuaren jauregian».

Patrick Swaize eta «Ghost» pelikulari omenaldia. Gure moduan buztinaren eszenan Demi Moore izan nahi zuen orori eskainia. Jon Oiartzunek (Bap, La Jodedera...) theremin-a sartzen du kantu honetan.

«Zonbidantza».

Rock&roll kontzertu askotan agertoki aurrean ikusten den mugimendu estatikoa. Ikusleria geldoari egiten diogun budu pieza da.

«Yuri Gagarin».

Kosmonauta handiari omenaldia. Bere biografia kontatzen dugu bi minutu eskasetan. «Zazpirak bat» aldarrikatu beharrean «Vostok 1» aldarrikatzen dugu.

«Marabunta».

Charlton Heston inurriak irentsia ikustearen desioa. Xuabe-xuabe hasi eta inurritegi-kaos batean amaitzen den in crescendo pieza.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo