GARA > Idatzia > Euskal Herria

Esteban Muruetagoiena deituko diote Oiartzungo anbulatorioari

GARA | OIARTZUN

Herriko mediku zen Esteban Muruetagoiena torturaz hil zela 30 urte bete ziren atzo, eta hori dela-eta Oiartzungo Udalak anbulatorioari eta ondoan dagoen plazari izen hori jartzea erabaki zuen asteazkenean.

Honekin batera, asteburuan Muruetagoienaren heriotzaren urteurrena dela-eta antolatu diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zien Udalak herritarrei. «Oiartzuarrok ez genuke ahaztu behar Estebani gertatutakoa. Torturak behin betiko desagertu behar du», adierazi zuen Irati Etxebeste Bilduko zinegotziak. EAJ eta Hamaika Bateko zinegotziek aurka bozkatu zuten.

Guardia Zibilak 1982ko martxoaren 16an atxilotu zuen Muruetagoiena. Bederatzi egun inkomunikatuta izan zuten Donostian eta Madrilen. Martxoaren 25ean libre utzi zuten. Kaleratu zenean txikituta zegoen eta tortura latzak jasan zituela kontatu zuen. Handik hiru egunetara hil zen. 38 urte zituen.

Hasieratik, iturri ofizialek Muruetagoiena bihotzekoak jota hil zela esan zuten, baina autopsiaren txostenean agerian geratu zen torturatu egin zutela. Elektrodoek eragindako erredurak zituen buruan, bularrean eta azalean; isuri bat eragin zioten ezkerreko belarrian eta barrabilak ere puztuta zeuzkan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo