GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euroagindu eskaera berri bat tarteko, Ibai Peña Seyssesen espetxeratu dute

A.M. | BAIONA

Asteazkenean Baionan atxilotua izan ostean, Ibai Peña gaztea Seysseseko presondegian espetxeratu zuten, atzo, Madrilgo Auzitegi Nazionalak bideraturiko euroagindu eskaera tarteko.

2010eko otsailaren 2an euroagindua errefusatzea deliberatu zuen Paueko epaitegiak, leporatzen zizkioten gertakariei buruz kontraesanak zeudelako. Oraingoan zehaztapen gehiagorekin osatu dute eskaera berria eta Paueko epaitegi berak ontzat eman du ostera aztertzea. Hala, gasteiztarra espetxeratzea agindu du eta datorren asteartean, 10.00etan epaituko du.

Askatasunak gogor salatu du atxiloketa, Peñak jasaten duen «jazarpena» nabarmenduta. Izan ere, atzematen duten laugarren aldia da honakoa (azkena 2011ko urrian). Bere askatasuna eskatzeko elkarretaratzean 200 lagun inguru batu ziren atzo, Baionako herriko etxearen aitzinean.

Bidarten etxeratzea

Bestalde, baldintzapeko askatasunean Beziers hirian bizitzera behartuta dagoen Filipe Bidartek oraingoz ezin izango du Euskal Herrian bizitzen geratu, Zigorren Aplikaziorako epaileak bere herrira itzultzeko baimena eman zion arren, fiskalak helegitea jarri baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo