Florentino Goiburu Idiazabalgo bertsolari eta artzaina zendu da
GARA | DONOSTIA
Florentino Goiburu bertsolari goierritarra atzo hil zen, 80 urte zituela. «Goierri mendebaldeko Hitza»k adierazi zuenez, baserrian, zelaian zela, hil zen Goiburu.
Bertsolaritzan lehen plaza Idiazabalen bertan egin zuen 1951. urtean, Uztapide eta Zepairekin. Geroztik Goierri bailarako txoko gehienak bisitatu zituen, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. 1986an, esaterako, Txapelketa Nagusiko azken-laurdenetaraino sailkatu zen.
Donostiako Victoria Eugenia antzokian 1991n egindako XXII. Bertsolari Egunean omenaldia jaso zuen, Patxi Iraola goierritarrarekin batera.
Artzain gisa egindako lanagatik ere aintzatetsia izan zen; 2007an Idiazabal Jatorri Izendapenaren omenaldia jaso zuen Idiazabalgo Gazta Egunean. Bere esker ona eta umore zorrotz eta fina nabarmendu zituzten atzo gertukoenek.