Bizi osorako zigorra, zigor kolektiboa
Auzitegi Konstituzionalak bizi osorako zigorra legeztatzeak ez du kontsolamendu errazik bere bikotea, aita edo alaba bigarrenez injustuki nola kondenatzen duten ikusten duenarentzat. Gaitza da oso, bizi baldintza partikularki krudeletan etxeko bat betirako bahituta izan nahi dutela ikusi, amorru guzti hori bularrean bildu, metabolizatu eta testuinguru baten baitan kokatu ahal izatea. Lehen momentu batean bederen, etxekoari berdin dio mendekua, ergelkeria, koldarkeria edo kalkulu politikoagatik izan den ala ez. Harentzat behinena bere kuttuna barruan atxikiko dutela da, hogeitaka urte luzeen zama eta are, sarritan, osasunez justu samar edo larri egotearen gainzamarekin.
Atzoko agerraldian senideek esan legez, presoari emandako zigorrak etxekoak ere zigortzen ditu. Absentzia fisikoaren larriminaz harago, dispertsioaren erruletara zigortzen ditu, astebururo ehunka kilometro egitera. Konstituzionalak ez baititu euskal presoak soilik zigortu, bereziki haren senide eta lagunak eta, batez ere, herri hau zigortu ditu. Bahituekin espetxeak betez, «bahiketaren politika» zigor kolektibo gisara ezarri du. Bakea zigor moduan aurkeztu nahi izan dute, finean, bakearen espektatiba itotzeko.
Baina oker dabiltza. Presoak bezala, herri honek horien senide eta lagunak ez ditu bakarrik utziko. Eta horren enegarren froga hilaren 14an Bilboko kaleetan ikusi ahal izango da.