GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joxe Iriarte «Bikila», Joxemari Carrere | Gorripidea

Euskal Herria burujabe eta ekosozialista

Kapitalismo basati batek hartutako mundu batean bizi gara (krisi hirukoitza ekarri duena, alegia, ekonomikoa, ingurugirokoa eta elikadurena); zaindari nagusiaren begiradaren pean, behar den lekuan su eta gar aritzeko prest dagoena (giza laguntza aitzakia hartuta gehienetan). Herri zein nazio gehienen burujabetasuna gutxitu edo ukatzen dute (`Troika' izenez ezagun denak Europan euren aginduaz betearaziz, esaterako), eta humanitatea amildegiaren ertzetan jartzen ari direnak.

Beste behin, argi ikusten da, gaur egun ere, ezinezkoa dela nazio burujabetasunari heltzea ekoizpen baliabideen, diruaren eta ingurugiroaren eusgarritasunaren nondik norakoak argitu gabe; planetarekin bateragarritasunaren bidetik. Nazio burujabetasunak eta ekosozialismoak ezin dute bakoitzak bere aldetik ibili, etxeko gauzak lehenengo aitzakiapean.

Askatasun osoz erabaki nahi dugu Espainia eta Frantziaren parte izan nahi dugun edo Estatu independente bat osatu nahi dugun, herrien zein langileriaren zerbitzuan egongo den Europarekin elkartua. Erabakitzearen aldeko gara. Are gehiago, erabaki nahi dugu, autoantolaketa politiko eta sozialaren bitartez, hautu handietan (estatu antolamendua) zein zehatzagoetan, esaterako, AHT, hondakin solidoak, Pasaiako super portua, nekazaritza eredua, finantza erakundeak, zergak eta abar.

Aurtengo Aberri Egunak erabakitzearen aldeko aldarria izan behar du, baina baita mundua kapitalismo basatitik askatzeko aldarriaren aldekoa ere. Euskal Herriaren askatasuna ez da besterik gabe etorriko burujabetasun hutsarekin, jendarte berri baten eraikuntzaren bideari heltzen ez badio behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo