GARA > Idatzia > Kultura

Peio Jorajuria «Otalazt» idazleak jaso du Gazteluma saria, «Juan Martin» eleberriari esker

Peio Jorajuriaren «Juan Martin» izeneko lehenengo eleberriak abentura batean barneratuko ditu irakurleak. Pertsonaia mitologikoak nahasiz egungo gizartearen arazoak uztartu nahi izan ditu idazleak.

p050_f01_97x96.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Otalazt goitizenarekin izenpetu du Peio Jorajuriak bere lehenengo eleberria, «Juan Martin». Otalazt bere sortetxeko malda baten izena da eta kaleratuak dituen kantu batzuk izenpetzeko baliatu du aurretik Jorajuriak. Atzo, Gazteluma sariaren irabazle gisa agertu zen kazetarien aurrean idazlea, eta eleberriaren aurkezpena egitean, «abenturazko» liburu bat idatzi nahi izan zuela argitu zuen.

Hiru pertsonaia nagusi agertzen dira istorioan, eta liburuan zehar laugarren bat bilatzen arituko dira «misio sekretu» baten bidez.

«Bilaketa horretan abenturak biziko dituzte, eta pertsonaia mitologikoak nahasiko dira», azaldu zuen. Mitologiak eta naturak liburuan daukan garrantzia azalean dagoen erreka baten argazkian agerian jarri du idazleak. Urarekin batera, pertsonaia baten irudia ere agertzen da. Jorajuriak irudi horren garrantzia goraipatu zuen: «Pertsonaia hori zergatik hor den eta nor den liburuaren bukaeran agertzen da». Baina, istoriotik at, Peio Jorajuriak gaurko gizartearen arazoak aipatzen ditu «Juan Martin» eleberrian. «Gaur egun gizarte aldaketa batean gara. Urte askotan teknologian fede handia izan du jendeak. Zientismo horrekin, zientziak dena alda zezakeela uste zen. Baina, sinesmen hori aldatzen ari da», esan zuen.

Klima eta gizarte eredu aldaketetan hausnartzeko parada ematen du, beraz, eleberriak. «Liburu arina da, gogoetarako bidea irekitzen duena», gehitu zuen Eneko Bidegain Gazteluma sariko epaimahaikideak.

Sariaren berrabiatzea

Euskal Kultur Erakundeak, Elkar argitaletxeak eta Elkarlanean Fundazioak elkarturik abiatu zuten 2000. urtean Gazteluma saria.

Peio Jorajuriaren azkeneko idazlan hori kontuan harturik, sei liburu sariztatu dituzte. Atzo, 2014ko Gazteluma sarirako deialdia zabaldu zuten. Urriaren 15a arte 40 urtetik beheitiko idazleek liburu proiektuak aurkezteko parada daukate.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo