Nafarroako konkistaren 500. urteurrena izango da Baigorriko kulturaldiaren ardatz nagusia
Basaizea elkarteak urtero antolatzen duen kulturaldia apirilaren 13an hasi eta 29an bukatuko da, Nafarroaren Egunarekin. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena ekarriko dute gogora kulturaldiko ekitaldiek.
GARA | BAIGORRI
Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gai nagusitzat hartzea erabaki du aurten Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, kulturaldian antolatuko dituen ekitaldiei begira. «Konkista hau ez da lurralde konkista bat baizik izan, izpirituak, pentsamoldeak eta izaiteak eraldatzeko prozesu bat martxan jarri du. Asimilazioaren bidez euskal kultura desagertzeko arriskuan izan ondoren, berplantatze bat merezi duela uste dugu», adierazi zuen Maialen Galleras Basaizeako kideak.
Horren harira programa aberatsa eskainiko dute hiru astez gaualdiak, kontzertuak, topaketak, haurrentzako animazioak eta bestelako ekitaldiak antolatuta. Lehen hitzordua apirilaren 13an iritsiko da, presoen gaualdiarekin. Apirilaren 29an amaituko da, Nafarroaren Egunarekin, hain zuzen. «Egun horrek nafartar guziak batzea du helburu. Euskara eta euskal kultura ospatzen ditu programazio aberats baten bidez», esan zuten. Egun horren bezperan, Musika emanaldia eginen dute herriko elizan Lekeitioko Musika Banda eta Baigorriko gaiteroekin. Apirilaren 21 eta 22an, Nafarroan Bizi egunetan parte hartuko dute Etxarri Aranatzen.